Hilabete bat pasatuxe falta da uztailaren 22an ospatuko den Baztandarren Biltzarrerako. Hori dela eta, giroa berotzen hasteko, eta antolakuntzarako beharrezko den dirua biltzeko, ekitaldiak eta salmentak antolatu ditu Baztandarren Biltzarra elkarteak.
Joan den ekainaren 4az geroztik eta uztailaren 7a bitarte, besta iragartzeko antolatu zen kartel lehiaketan parte hartu zuten obra guziak ikusgai daude Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Hogeita hamar bat obrek osatzen dute erakusketa, eta tartean Siscu Simon aurtengo irabazlearena ikus daiteke: fondo berdean agertzen den behi baten burua.
Bestalde, diru pixka bat biltzeko asmoz tonbola antolatu dute azken urteetan bezala, eta txartelak dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan euro baten truke. Sari zuzenak Baztango dendak, jatetxeak, artistak eta Baztandarren Biltzarra elkarteak berak eman dituzte. Bestalde, sari zuzenik ez duten txartelen artean zozketa eginen da besta egunean berean, eta saria 1200 euroko eskudirua izanen da.
Azkenik, heldu den asteburutik aitzinera, aurtengo kamisetak salgai egonen dira hainbat ostatu eta dendetan, Elizondoko Txokoton, Erratzuko Zubipuntan, Oronoz-Mugairiko Oskorrin eta nahi izanez gero larunbat goizetan Baztandarren Biltzarreko egoitzan. Berrikuntza moduan, aurten, txapak eginarazi dituzte eta hauek ere salgai egonen dira euro batean hainbat lekutan.