Baztango Kirol Taldea hasia da heldu den denboraldirako prestatzen. Hiru lagun fitxatu ditu berriki: Amalia Cortina errumaniarra atezain posturako, Anna Maria Felix hungariarra lehen lerroan jokatzeko eta Mirela Chirila errumaniarra eskuin hegalean aritzeko. Helburua, Ohorezko Mailara igotzea izanen da.
Amaliak 24 urte ditu, eta 2003an Errumaniako taldearekin Munduko Txapelketan parte hartu zuen, juniorretan. 2004/05ean Bucaresteko Rapid CFR taldean aritu zen, eta 2005/2006ean US Mios Handball taldean, Frantziako Ohorezko Mailan. Bere azken taldea, Quintercom Perdoma izan da, Espainiako Ohorezko Mailan.
Anna Maria Felixek, Hungariatik ateratakoan, Alemaniako Bundesligan jokatu zuen 2003/2004an. Hurrengo bietan, berriz, Lehen Mailako Salud Tenerife taldean aritu zen. 2006/07n Ohorezko Mailako Marina Park taldean aritu da, eta 125 golekin goleatzailerik onena izan da.
Mirela Chirila da azken fitxaketa, 24 urteko errumaniarra. Errumaniako Ohorezko Mailan, Cetate Devan aritu ondotik dator BKTra.