Oporrak hartu baino lehen, ikasturte bukaerako kontzertuak

Maite Oteiza 2007ko ekainaren 11

Ekainaren 2an kontzertua eskaini zuten Bidasoako sei musika eskoletako ikasleek Elizondon. TTIPI TTAPA

Maiatza eta ekainean kontzertuak ikusteko aukera izan dugu, bertako musikarien eskutik. Batetik,maiatzean Lekarozko institutuko kiroldegian, seigarrenez, Lekaroz, Doneztebe, Bera, Leitza eta Altsasuko ikasleek kontzertua eskaini zuten. Ikasturtean landutako lanen erakustaldia egin zuten, doinu ezagunak eta beraiek asmatutakoak joz. Lekarozko kontzertuen gibeletik, Doneztebe, Altsasu, Leitzan eta Beran beren urteko kontzertua eskaini zuten.

Bertzalde, ekainaren 2an, Elizondon Bidasoako Musika Eskolen Topaketa egin zen. Lesaka, Bera, Irun, Hondarribia,Hendaia, Doneztebe eta Baztango musika eskoleko 515 ikasle eta irakasle bildu ziren: 58 txistulari, 36 akordeoilari, 66 trikitilari,75 kamarakoak eta 175 bandakoak.Tartean Baztango dantzariak ere aritu ziren.

Halere, prestatua zegoen goiz animatua, bertan behera gelditu zen eguraldiaren eraginez. Elizondon barna antolatuak ziren bortz ibilbideak ez zituzten egin, musika tresnak ez hondatzeko.Ondorioz, Baztan pilotalekuan egin behar izan zituzten ekitaldi guztiak.

9:00etan kanpoko musika eskolakoei ongi etorria egin zitzaien, gosaria zerbitzatuz. 11:00etatik aitzinera, partehartzaile guztiendako bokadiloak eta edariak banatu ziren, eta, ekitaldiari akabaila emateko, Agustin Olabe eta Evelinek Virginia Aleman alkateari eta Carlos Garaikoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotziari eman zioten hitza. Segidan Virginiak,Carlosek, Santi Aldakok eta Isabel Bidartek oroigarri bana eman zieten eskoletako ordezkariei. Lekukoa edo semikortxea Berako eskolako ordezkariari eman zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun