Hasi dira Almandozko bestak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 7a

Igande arte herriko giroan ongi pasatzeko ekitaldiak prestatu dituzte

Besten hasierako su-ziria asteazken eguerdian leherrarazi zuten Almandozen. Xumeak eta herrikoiak badira ere, igande arte izanen da zer egin herrian.

Lehen egunean, asteazken arratsaldean, Baztan Zopak izan zituzten afaltzeko, eta gaua Agerralde akordeoilariek animatu zuten. Ortzeguna, meza nagusiarekin hasi dute, eta ondotik, herritarrak luntx baten inguruan bildu dira haien herriko egun nagusia ospatzeko. Arratsaldean kirolaren txanda izan da almandoztarren artean pilota partidak antolatu baitzituzten, eta ondotik kaldereteak ilunabarrean. Ortzirala haurren eguna izanen da, eta beraz gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte. Goizeko 11:00tan magoek erakustaldia eskainiko dute, eta arratsaldean puzgarriak paratuko dituzte frontoian. Hauek alde batera eta bertzela saltoka arituko diren bitartean helduentzako mus txapelketa eginen da. Haurren egunari bukaera emateko haientzako afaria eginen da Futbolinen, eta gauaz berantetsi nahi badute Agerralde akordeiolariek bazterrak alaituko dituzte. Ortziralean azkenaurreko egunean, bezperan hasitako mus txapelketaren finala jokatuko da eguerdiko 12:30ean, eta ondotik segur aski herritar gehien bilduko dituen zikiro jatea izanen dute. Bazkal ondoan Agerralde akordeoilariak arituko dira berriz ere, eta arratsean aldiz, gauerditik aitzinera Jalisko Band eta Txutxin Ibañez. Azken eguna goizean goizik hasiko dute edo bestenaz lorik egin gabe. Horretarako gosari berezia prestatuko dute herriko gazteek. Eguerdiko 12:00etan, haurren lehen jaunartzea eta meza nagusia eginen dira, eta ondotik ortzegunean bezala luntx herrikoia. Arratsean, azken eguna izaki bestak agurtuko dituzte heldu den urte arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun