Sei ehun bat gazte bilduko dira Baztan Bidasoako Musika Eskolen Topaketan

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 31

Aurten heldu den larunbatean ospatuko da Elizondon

Baztan Bidasoako Musika Eskolen VII. topaketa Elizondon ospatuko da heldu den larunbatean. Horren kari gure eskualdeko 600 bat musikarik kontzertuak eskainiko dituzte goizeko 10:00etatik aitzinera.

Bi milagarren urtetik hunat ikasturte bukaeran urtero ospatzen den topaketak, ikasleak batzea eta duten zaletasunaz elkarrekin gozatzea du helburu. Gisa berean, ikasturte osoan ikasi dutena erakusteko aukera eman nahi zaie. Goizeko 9:00etan bertze musika eskoletatik etorritako ikasleei harrera eginen zaie Baztango Musika Eskolan. Ondotik kalejira eginen dute herriko plazaraino bertan Udaleko agintarien ongietorria errezibitzeko. Hamarretatik aitzinera kontzertu ezberdinak hasiko dira Elizondoko hainbat lekutan. Musika ganberak Arizkunenea Kultur Etxean arituko dira, soinulariak, txistulariak eta trikitilariak karrikan barna, eta haize taldeak Foru Plazan. Hamaiketatik hamabietara atsedena hartuko dute denak batera gosaltzeko Baztango Herriko Etxeko arkupetan. Azkenik topaketari bukaera emateko eskualdeko musika ikasle guziak bilduko dituen kontzertu nagusia eskainiko da eguerdiko 13:00etan herriko pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun