Magnesitas Navarra enpresak, Erdizen harrobia irekiz eskuratuko lituzken aberastasunak bertakoekin konpartitzeko prestatu duen plana, aurkeztu zuen Jose Antonio Yeregi Magnako ardunak, ortziralean emandako prentsaurrekoan. Harrobia bera ez zuen aipatu, baina proiektua gauzatuz gero banatu daitezken aberastasunak aldiz bai.
Lehenik lanpostuak izan zituen aipagai, Magnaren arduradunak zionez 35 lanpostu zuzen sortuko dira, eta bertze 135 zeharka, lehentasuna Baztandarrei emanen zaielarik. Aberastasunak konpartitu nahi dituzte gazteekin ere, Jose Antonio Yereguiren arabera, haiek haien beharra dutelako eta alderantziz. Magnak langile gazteak beharrezkoak ditu, eta gazteek berriz lanpostuak. Izan ere, alde batetik beka proposamen bat luzatu zuen eta bestalde kirol taldeei eskaintzen ahal dieten laguntzak. Erdizko harrobia gauzatuz gero kaltetu handienak bertan abereak alatzen uzten dituzten abeltzainak izanen lirateke. Horretarako Magnako arduradunaren ustez gaur egungo baldintza hobetuko lituzken proposamena prestatu dute. Abeltzainek aziendak komunaletan uzteko udalari ordaintzen dioten diru kopurua bere gain hartuko luke Magnak, orotara 15.000 euro direlarik. Bestalde pistak moldatuko lituzke eta bertze batzuk irekiko, eta azkenik aterpe bat eta uhaska eraikiko lituzke. Ehiza eta ehiztariek ere ez ditu ahantzi eta hauentzat 50.000 euroko inbertsio suposatzen duen proiektua aurreikusi dute baita urtean 2.000 euroko dirulaguntza ere. Baztango ibarrarekin izan nahi duten lotura berretsiz, enpresak urtero 13 milioi materiala erosten dituela jakinarazi zuen Jose Antonio Yereguik, eta ahal den neurrian erosketa horiek bertan egitea hitz hartuko luketela adierazi. Inbertsioa 10 milioietan zenbatu zuen heldu diren 20 urteetarako. Anitzen kezka den ingurumena ere aipatu zuen eta, prestatu duten planean harrobia funtzionatzen duen bitartean 2 milioi euro horretan gastatuko zituztela erran. Horretaz gain, udalari ordainduko litzaiokeen urteroko kuota ere oroitarazi zuen, 100.000 euro.