Egun hauetan Bertan Merkatari Elkartea «Irabazi zure pisua eurotan» izeneko kanpainan parte hartzen ari da. Egitasmoa maiatzaren 21ean paratu zuten abian eta ekainaren 4a bitarte iraunen du. 20 eurotik goitiko erosketak egiteagatik bezeroek txartel bat eskuratzen dute, eta horren arabera saria jasoko dute. Guztira hamar sari banatuko dira, eta heldu den asteartean, ekainak 5, eginen da sari banaketa, Arizkunenean, 20:00etan. Kanpainaren helburua, kontsumitzaileak Baztango komertzioetan erosketak egitera bultzatzea da, eta hala, euren fideltasuna saritzea.
Kanpaina maiatzaren 11n egindako batzar orokorrean onartu zen, baina bertzelako gaiak ere landu zituzten merkatariek egun horretan. Horien artean, 2006ko Eguberrietako Kanpainaren eta Stock Azokaren arrakasta nabarmendu zuten. Urtelor (Arraiozko merkatalgunea) eta Magna enpresarekin ere bildu zirela jakinarazi zuten, eta azken honi, egin nahi duen harrobiari buruzko informazioa eskatu zioten. Aparkatzeko lekuak egiteari buruz ere Udalarekin hitz egin dutela adierazi zuten.
Elkartea zabaltze aldera, azkenik, ostalari eta zerbitzu guneei elkartean sartzeko gonbidapena egiteko asmoa ere iragarri dute Bertan elkartekoek.