Mediku batek lana utziko duela abisatzeak, agerian utzi du zerbitzuaren egoera larria

Maite Oteiza 2007ko maiatzaren 28a

Asteburuetan ordezkapenak egiten dituztenek astegunetan lan bajak betetzen dituzte

Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin ordezkapenak egiten zituen mediku batek lana utziko duela iragartzeak, agerian utzi du inguruan zerbitzuaren egoera larria dela. Herri guzti horietako jendea atenditzeko sei mediku titular daude, 5 Baztanen eta 1 Xaretan. Horiez gain, asteburuetan ordezkapenak egiten dituztenak daude.

Prentsaren bidez ezaguna egin da Nafarroan lan egiten duten mediku egoiliarren (MIR) egoera, eta beren kezkak eta eskaerak zein diren. Agian Iruñeko arazoa dela irudituko zaigu, baina ez da horrela. Baztanen bai medikuak eta baita herritarrak ere kezkatuta daude duten zerbitzuarekin.Titularren lan bajak ordezkoekin konpontzen dira, baina honek dakarrena zera da: asteko zazpi egunetan lanean daudela, bortz egun baja hori betetzen eta asteburuan ordezkapenak egiten. Medikuek diotenez, gaixoei ematen dieten zerbitzua defizitarioa da, eta denbora falta zaie bere prestakuntza eta azterketak egunean eramateko.

Nafarroako Osasun Departamentuari kezka hauek ailegatu zaizkio, baina, antza, ez dute erantzunik hartu. Hala, maiatzak 25ean,ortzileria, medikuek agerraldia egitekoa zuten Arizkunenean, baztandar guztiei informazioa zabaltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun