Azken 13 urte hauetan egin duen bezala, aurten ere Baztango Mendigoizaleak elkarteak, Almandoztik abiatuko eta bertan bukatuko den mendi itzuli polita prestatu du bazter zoragarri eta ikuspegi ederrez gozatu ahal izateko.
Ibilbideak 34km ditu, eta mailen arabera hunen bururatzeko 7 edo 8 ordu aurreikusi behar dira. Desnibelari dagokionez 2.200mkoa da, eta gehiago Saioara igotzea erabakitzen bada. Indarrak hartzeko ez da hornidura gunerik faltako antolatzaileek ibilbidean zehar hiru aurreikusi baitituzte eta bertze bat Almandozen bertan.
Goi mailakoa ez bada ere, itzuliaz bukaeraraino gozatzeko ohitura pixka bat beharrezkoa da prestatu duten ibilbidean zailtasun anitz baitira. Almandoztik hasi eta berehala lehen 10kmak ia-ia maldan gora izanen dira. Lau kilometro egin eta, 820mtan dagoen Burgalarko kaskoak ikuspegi ederra eskainiko du, eguraldia laguntzen badu behintzat. Hortik aitzinera, kilometro batez hankak lasaitzeko aukera izan eta, 1300mtan dagoen Gartzagara igoko da. Orduan kilometro batzuetan ibilbideak altura horretan segituko du gora eta behera eginez Okolin, Zetume eta Zuriain kaskoetan barna. Baztango mendi altuenetan ibili eta gero, parte hartzaileek behera eginen dute, bigarren kontrolera ailegatu arte. Itzuliaren erdia egina izanen delarik, ibilbideak mendebaldera eginen du Belateko monasterioa eta gazteluaren aitzinean pasatzeko, tartean bertze hornidura gune bat egonen delarik. Azken kilometroetan behera eginen du Almandozera hurbiltzeko, hala ere hor izanen da eguneko azken zailtasuna, San Blas. Itzuliko handiena ez bada ere segur min eginen duela.
Parte hartu nahi dutenek izena Almandozko pilotalekuan eman beharko dute goizeko 6.30etik 7.30era lehen abiatzeak 7.00ak baino lehen ez direlarik eginen. Federatuak daudenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez daudenek berriz 12.