Nafarroa Baik aldaketaren beharra azpimarratu du Elizondon

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 14a

Larunbatean Baztanen egindako ekitaldi politikora koalizioa osatzen duten alderdietako hainbat ordezkari bildu ziren

Joan den larunbatean Nafarroa Bai koalizioa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean bildu zen bere programan segiduko dituen ardatzen berri emateko. Udalari dagokionari buruz hitz egiteko Virginia Aleman aritu zen eta Nafarroako Parlamentuari dagokionari buruz Maiorga Ramirez eta Patxi Zabaleta. Entzuleen artean koalizioa osatzen duten alderdietako hainbat ordezkari zeuden, alkateak eta zinegotziak bertzeak bertze.

Gaur egungo Baztango alkatea Virginia Aleman ez zen programaren zehaztasunetan sartu baina maiatzaren 14tik aitzinera argitapenak banatuko dituztela eta herritarrek irakurtzen ahalko dutela jakinarazi zuen. Erran zuenez orain arte eraman den politikarekin segituko dute zerbitzu publikoei garrantzia emanez, eta Baztango gizartean dagoen aniztasuna kontuan hartuz. Horretarako herritarrengandik ahal bezain hurbil egonen direla adierazi zuen.

Nafarroako Parlamentura aurkeztu den zerrendaren izenean hitz egiteko lehen bi hautagaiak aritu ziren Patxi Zabaleta eta Maiorga Ramirez. Azken hunek urte hauetan Baztanen izan den eredua Nafarroa osora zabaldu nahi zutela erran zuen. UPNren jarrera behin baino gehiagotan salatu zuen eta aldaketa aldarrikatu Gobernuan dagoen alderdiaren politika baztertzailerekin bukatzeko. Nafarroako EAko presidentearen ustez nafar guziek eskubide berdinak izan behar dituzte. Normalizazio politikoaren alde egin beharraren garrantzia ere aipatu zuen. Bere ustez EAEko zerrenden baliogabetzeak prozesuaren aurkako jarrera izan da.

Nafarroa Baiko zerrenda buruak, Patxi Zabaletak ere aldaketaren premia azpimarratu zuen eta Maiorga Ramirezek egin zuen bezala, Nafarroako Iparraldearen azterketa aipatu zuen baita lurralde orekaren beharra ere. Bestalde UPNk Nafarroa arriskuan dioenari buruz erantzun zuen erranez herrialdea Nafarrek nahi dutena izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun