Maiatzaren 4ko arratsaldean, agerian gelditu ziren uholdearen ondorioak. Ia 100 urte pasatu dira, Baztanen uholdeak izan zirenetik (1913). Goizeko 8etarako Baztan ibaiak Arraioz aldean gainezka egin zuen. Hortik aintzinera, berriak bata bertzearen gibeletik heldu ziren: Arraioz, Irurita, Elizondo, Azpilkueta, Amaiur… Herririk kaltetuena, halere, Arraioz izan zen, herriko plaza uraren indarrez nola goratzen zen ikusi zen, Mardeako karrikak errekak bihurtuz.
Elizondon, Jaime Urrutia karrikan, jendea ibaiari begira zegoenean, karrikak ere urez bete ziren, eta hainbat denda eta garajetan ere sartu zen. Agian, kaltetuena Arrupea botika izanen zen Santiago karrikatik eta Jaime Urrutiatik ura sartu baitzitzaion.
Elbeten etxe partikularrak, jatetxeak (Oñaska), enpresak (Pevi), Bagordi eta Amezti aldetik jausten zen urak kalte haundiak sortu zituen. Gainerako kalteak pistetan, baserrietako bideetan, behitegiak,arditegiak... Agian lerro hauek idazteko tenorean, zenbait ondorio aipatu gabe geldituko dira.
Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak Arraiozen izan ziren, kalteetaz jabetzeko. Egun berean, Baztan eta Bortzirietako alkateak gobernuko ordezkariekin bildu ziren Bertizen, tartean Miguel Sanz Nafarroako presidentea, eta dirulaguntzen inguruko informazioa jaso zuten.