Baztandarra Kooperatibaren egitasmoak laster emanen ditu fruituak. Bertako ardi esneari balio erantsia eman nahian, duela hiru bat urte paratu zuten martxan proiektua, eta heldu den negutik aitzinera ‘Baztango’ izenarekin hemengo gasna komertzializatzen hasiko dira, ardi latxaren esnearekin egindakoak. Kooperatibak 300 bazkide inguru ditu, eta horietatik 50 inguru dira artzainak. Dena den, horiek guztiek ez dute esku hartuko gasna ekoizpenean. Gasnategiko arduradunek iragarri dutenez, irailean inauguratzea espero dute. Poliki-poliki, urtero 650.000 litro esnerekin, 80 tona gasna egitera ailegatu nahi dute.
Proiektuak 900.000 euroko aurrekontua izanen du, baina Nafarroako Gobernuak egitasmoa bultzatzeko dirulaguntza emanen du. Gasnategia egiten ari diren lekuan, Arizkunen, maiatzaren 3an Javier Etxarte Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura departamentuko kontseilariaren bisita izan zuten, eta adierazi zuenez, 250.000 euroko laguntza hartuko du proiektuak.