Agenda 21 ez da oraingoa, duela 25 urte sortu zen Brasilen etorkizuneko garapenaren nondik norakoak adosteko; duela 8 ailegatu zen Nafarroara, eta zehazki, Baztanera eta Bortzirietara 2005eko ekainean. Ia bi urte beranduago, Agenda 21ek izaten dituen bi atalak —diagnostikoa, beharrak eta gabeziak aztertzeko, eta ekintza plana, proiektuak zehazteko— bukatutzat eman dira. Egindako foro eta bilerei esker, bai Baztanen eta bai Bortzirietan ingurumenaren, ekonomiaren eta gizarte-gaien inguruan hobetu beharreko alorrak zein diren zehaztu dituzte: Baztanen premia haundiena duena ekonomia, lanpostu falta dago. Bortzirietan, berriz, garraioa N-121A tartean dela. Nafarroako Gobernuak hala eskatuta, Terra-Prometeako teknikariak ibili dira lan horretan. Lehentasunezko proiektuak zehaztu dituzte, ea orain, udalen esku dago onartu eta martxan paratzea. Hauteskunde ondotik, Malerrekan hastekoak dira, Leitzan ere bai.
2005eko ekainean hasi zuen Agenda 21ek Baztan eta Bortzirietan ibilbidea. Uztailean, 600 inkesta egin ziren, 300 Baztanen eta 300 Bortzirietan, herritarrek beren herrian eta eskualdean zein premia eta gabezia somatzen dituen jakiteko. Hortik abiatuz, Zorione Aierbe, Iciar Montejo eta Gurutze Santxo ‘Terra-Prometea’ko teknikariek gabezia horiei begirada bota, eta lan-taldeak edo foroak egiten ibili dira. Bilerak aitzinetik jakinarazitako gai baten ingurukoak izaten ziren: ingurumena, ekonomia edo gizarte-arloa. Eskualdeko herritar, politikari eta herritar horiekin bilkurak egin ondotik, lehenengo analisia egin zuten. Hortan datza diagnostikoa.
Diagnostikoa egindakoan ekintza plana prestatzen hasi zirela argitu digu Zorionek: «hobetzeko arlo horietan arreta jarrita, 100 bat ekintzez osatutako plana egin genuen, eta proiektu batzuk proposatu». Baztanen kasuan, 174 ekintza izan ziren eta Bortzirietan 135. Eta ekintza planaren ondotik, lehentasuna dutenak lan-taldeetan lantzea izan da berriki bukatu dutena. Bortzirietan 25 laguneko lan-taldeek eta Baztanen 15-20koek, Terra-Prometeakoen laguntzarekin 100etik goitiko proiektuen artean «hautaketa sinboliko» bat egin dute. «Nonbaitetik hasteko, eta baliabideak mugatuak direlako», azaldu digu Zorionek. Hala, Baztanen 59 eta Bortzirietan 58 proiektu zehaztu ziren. «Gero, horietatik bigarren hautaketa sinboliko bat egin eta Bortzirietan 12 eta Baztanen 15 proiektu gelditu dira». Agenda 21en «diseinua» bukatutakoan, orain udalaren esku dago proiektuak martxan paratzea.
Nafarroako Gobernuak ordaintzen duen ekimena
Nafarroako Gobernua da Agenda 21 ekimena ordaintzen duena. Udalerri edo eskualde bakoitzak Gobernuari eskaera egin, eta honek erabakitzen du zeinetan garatuko den ekimena. Orain bi urte onartutakoa Baztan eta Bortzirietako eskaera izan zen bezala, hauteskundeen ondotik, Malerrekan hastekoak dira eta segidan Leitzan.
Agenda 21en arabera, Baztan eta Bortzirietako premiazko beharrak
«BORTZIRIETAN hasiera-hasieratik gakoa garraioa izan da, hasiera-hasieratik atera zena, N-121Ari lotua. Bortz udalerriak lotzen dituen gai bat izan da, prozesuari eskualdearen ikuspegia eman diona. Horrez gain, zerbitzuetara joz, ura ere arazo bezala planteatu da. Hala nola, Beran ur arazoak dituztelako. Osasuna da bildu garenon artean arreta jaso duen bertze kontua, osasun zentru berri baten beharra ere planteatu baitzen. Zerbitzuen inguruan bertze behar batzuk ere baziren baina nabarmenena garraiorena. Gero, kudekaketari dagokionean, eskualdeko ikuspegia landu beharra ere ikusi da, udalerri ttikiak dira, eta Nafarroa mailan hobekuntzak lortzeko ezinbertzekoa da denak batera joatea. Hortik abiatuta, hori nola antolatu, hirigintza nola antolatu… Horretaz ere aritu gara».
«BAZTANEN, ekonomia izan da arreta gehien jaso duen gaia. Lanpostu falta azpimarratu da, bertako jende aunitzek kanpora joan behar izaten duelako lanera. Horretaz aritu gara, sektore ezberdinak garatuz lanpostuak nola sustatu daitezkeen. Bertze arazoa edo potentzialtasuna, ingurumena nola kudeatu izan da. Baztanen lur komunal aunitz dago, ordenantza batzuk ere badaude baina akaso pixka bat zaharkituak. Guzti hori nola eguneratu behar den izan da kontua. Bertze gaia, berriz, hirigintzarena izan da, nahiko presio dagoelako etxebitziak eraikitzeko. Alde batetik, beharrezkoa delako, baina aldi berean, ingurumenarekin uztartu beharra dagoelako. Magnaren harrobiaren auzia prozesuaren azken zatian azaldu zaigu. Baina nik uste dut, pixka bat tapatuta gelditu dela. Gaia polemikoa dela ikusten da, eta hasierako inkestak, Udalak hala eskatuta, harrobiari buruzko galdera berezi bat planteatu zen, baina ez zen argi gelditu erantzuna. Batzuk, lanpostuak sortuko dituelako-edo, ongi ikusten dute, baina bertze batzuk, ingurumena errespetatu behar dela ikusten dute. Hasieran zein bukaeran, iritziak kontrajarriak ziren».