«Normaltasunean biziko bagina, ez genuke elkartearen beharrik izanen»

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 11

Hasier LARRETXEA FELGTko teknikaria Utzitako argazkiak

• Sortzez arraioztarra, Xorroxinen esatari ibilia, Baztango Udaleko Gizarte langile gero, urtarrilaz geroztik FELGT Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Estatuko Federazioko teknikaria da Madrilen.

• Gazte homosexualei arreta zerbitzua eta gurasoei informazioa eskaintzeaz gain, gizonezko sexu langileentzako IHESaren prebentzio programen koordinatzailea da.

• Beharraren arabera, hainbat tailer antolatzen ditu FELGTk.

Zein da FELGTn helburua?

Helburu nagusienetarikoa homofobia, lesbofobia, transfobia edo bifobiarekin akitzea da, eta horrekin bat, lehen mailako hiritar gisa, eskubide berak izatea. Normaltasunaren eta aniztasunarengatik ari gara gizarte mailako lan politikoarekin. Horrez gain, Estatu mailako 43 elkarteei sustengua eta laguntza ematen diegu arlo desberdinetan: proiektuen eginkizunetan, programen jarraipenean, ekimenen antolakuntzan, etab. Normaltasunean biziko bagina ez genuke elkartearen beharrik izanen.

Gure eskualdean nola ikusten dituzu gauzak?

Gaizki xamar ikusten dut egoera, aunitzetan Iruñea, Donostia edo urrutirago joan behar baitugu errespetatzen gaituen inguru batean lagun talde bat osatu edo bizitzera. Oraino, lan haundia dago egiteke hezkuntzan, gureganako errespetua eta informazioa bulkatzeko. Gure aldetik, nahiz eta aitzineko urteetan taldetxo batekgai hau landu dugun, ez dugu behar genukeen harrotasuna eta normaltasuna bulkatzen. Uste dut inguru fisikoak eta nekazaritza eta abeltzaintzak bai gizonezko eta bai emakumezko indartsuak egin dituela eskualdean, bertzelako ezaugarriak dituzten gizonezko eta emakumezkoak guttietsiz. Eta pentsa gizonezko gorputza eta emakumezkoa sentitzen den pertsona batengan, edo alderantziz! Gizaixoa!

Homosexualitatearen inguruan zein behar eta gabezia somatzen dituzu?

Informazioa eta ulermenaren beharra, eta errespetuaren gabezia somatzen dut. Hezkuntza arloan azkenaldian homosexualitatearengatik erasoak eta mehatxuak ematen ari dira. Garai gogorrena da gainera nerabezaroa, eta zure sexu bereko erakarpenak gehiago nahas zaitzake. Zorionez, pittaka-pittaka irakaskuntza sentsibilizatuago dago. Bertzalde, transexualen kontrako eraso bortitzak ematen dira oraino, eta era sakabanatuan, homosexualen kontrakoak ere bai, baina zorionez, gero eta guttiago. Garrantzitsuena salatzea da, ez ezkutatzea.

Aholkularitza faktore garrantzitsua izanen da sexu nortasuna agertzeko «beldur» direnen artean, ez?

Bai, aunitzetan norekin eta nola solastu ez baitakite. Azken asteetan guraso oso katolikoak dituen mutiko batekin egin dut aholkularitza lana, informatuz, badagoela kristauen homosexual elkartea adibidez. Aunitzetan galduta dabiltza, gauzak nahastu xamarrak dauzkate, edo ez dira barnean dutena askatzera ausartzen beldurra edo erranen dutenarengatik (azken hau gehiago herri ttipietan).

Zer erranen zenioke sexu nortasuna agertzearen «beldur» dagoen bati?
Unean sentitzen duena egiteko. Beldur egoteko arrazoirik ez duela, ez duela zertan ezkutatu. Harro-harro egon beharko lukeela, eta bere barneari aditzeko, bere buruarekin leiala izateko. Aunitz baikara mundu honetan beldur hori iragan, eta lasaitasunez eta normaltasunez bizi garenak. Gure eskuetan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun