Azpilkuetako errepide berria inauguratu dute

Maite Oteiza 2007ko maiatzaren 2a

Apirilaren 20an inauguratu zuten Azpilkuetako errepide berria. Ekitaldian izan ziren, bertzeak bertze, Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio, Komunikabideetako kontseilaria, Baztango Udaleko zinegotziak eta Jon Alkasena, Azpilkuetako alkatea.

Azpilkuetarrek aspaldi ari ziren Ikatzateko bidegurutzetik (N-121 B) herrirat doan errepidea (NA-4457)zabaldu eta moldatzeko eskatzen. Bide estua zen eta bi ibilgailu gurutzatzeko larri ibiltzen ziren, batez ere autobusa edo kamioak tartean zirenean. Eraberritzearen ondotik, 1,5 metro baino gehiagoko zabaltasuna eman diote eta pare bat kurba ere moldatu dituzte.

Proiektuaren aurrekontuan 268.000 eurokoa izan da eta lanak Mariezkurrena enpresak egin ditu.

Bertzalde, azken boladan Belateko tunela urte batez obrak egiteko itxiko den zurrumurruari erantzunez, Mirandak zurrumurruak gezurtatu egin zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun