Virginia Alemanek zuzenduko du Nafarroa Bai koalizioko zerrenda Baztanen

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 17a

Aurkeztuko diren 13 lagunen artean esperientzia eta gaztetasuna nahasi dute

Astelehenean Nafarroa Baiek Baztango udalerako Elizondon aurkeztu duen hautagai zerrendak gaur egungo alkatea Virginia Aleman izanen du buru. Bertze hiruzpalau gazterekin esperientzia eta gaztetasunaren arteko nahasketa bat osatu dute.

Ez usteko handirik ez zen izan astelehenean, heldu den udal hauteskundeetan Nafarroa Bai Koalizioak Baztanen aurkeztu duen zerrenda aurkeztu zuelarik. 2003. urteaz geroztik alkatea den Virginia Alemanek zuzenduko du koalizioaren zerrenda, eta bigarren postuan legealdi huntan maiz bere ondoan egon den Santiago Aldako izanen da, hirugarrenean berriz, Martin Garde Gartzaingo idazle eta euskaltzale sutsua. Laugarren postuan, ibarreko kultur mugimenduan anitzetan aritu den Agustin Olabe Lekarozko irakasle gaztea aurkeztu dute eta bosgarrenean berriz Rakel Goñi Elbeteko kazetaria. Zerrendan seigarrena Baztan ederki ezagutzen duen Remigio Lizasoain beteranoa aurkitu daiteke eta zazpigarrenean Jon Dufurrena erratzuarra Rakel Goñirekin batera bigarren aurpegi berria. Zortzigarren postuan, gaur egungo kultur zinegotzia Karlos Garaikoetxea aurkeztu dute eta ondotik berriz Anizko Izaskun Etulain. Zerrendako azken laurak, Mirentxu Oiarzabal medikua, Miguel Angel Garaioa abokatua, Irene Hualde Oronozko administraria eta Patxi Oiarzabal lehengo alkatea izanen dira.

Zerrendan esperientzia duten batzuk agertzen badira, hala nola, Virginia Aleman, Santiago Aldako eta Remigio Lizasoain, horrelako karguetan buru berriak izanen diren herritar batzuk sartu dituzte, Agustin Olabe, Rakel Goñi eta Jon Dufurrena. Bertzalde ezustekorik handiena, joan den astean Florentino Goñik jakinarazi zuen bezala bera hor ez egotea da dudarik gabe. Aitzineko hauteskundeetan EAk aurkeztutako zerrenda bigarren postuan zegoen.

UPNk ere aurkeztuko duen zerrendaren berri eman zuen. Alkatetzarako hautagaia Begoña Sanzberro izanen da, eta berekin batera, Eduardo Echavarri, Leopoldo Jaen, Maria Carmen Iribarren, Maria Isabel Vidart, Jose Maria Garmendia, Miguel Angel Aldea, Angel Martin, Maria Begoña Iriarte, Maria Carmen Irigoien, Anastasio Nagore, Jose Motos eta Rosa Maria Irungarai dira zinegotzi postuetarako aurkeztuko direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun