Florentino Goñi udal- zinegotzi kargua utzi du. Hala jakinarazi zuen apirilaren 11n prentsaren aitzinean egindako agerraldian. EAko exekutibarekin dituen desadostasunak tarteko dimititu zuela erran zuen, baina nahiz eta argibide gehiago eskatu zitzaion, ez zuen arrazoi zehatzagorik eman nahi izan. Dena den, ez du guztiz baztertzen etorkizunean berriro aurkezteko aukera.
Bertzalde, apirilaren 2an Baztango Udalak eta Junta Generalak, azken batzarrak egin zituzten, maiatzaren 27ko hautesundeen aitzinetik. 14 herrietako alkate juradoek bi urteko kargua hartu zuten. Elbeten, ordea, alkaterik gabe segitzen dute. Zenbait udal-zinegotziren agurra ere orduan egin zen, ez baitira berriz aurkeztuko hurrengo hauteskundeetan.
Udal-batzarrean, 0-3 urteko haur-eskolako obra Iruñeko Moldadia enpresari eman zioten, 1.121.391,86 eurotan. Bera izan zen deialdira aurkeztu zen enpresa bakarra. Azkenik, Baztango Udalean ordezkaritza duten alderdiek ez zuten harrobiaren inguruko iritzirik eman nahi izan. Ez EAk, ez UPNk ere.