Gobernuak ingurumenari buruz egin behar duen txostenaren zain

Gurutze PIKABEA 2007ko mai. 2a, 11:00
Manifestazio jendetsua egin zen martxoaren 24an Elizondoko karriketan. Ehun bat abelburuk ireki zuten agerraldia, nekazari aunitz ageri zen, eta gibeletik milatik goiti herritar. TTIPI TTAPA

Kezka haundia sortu du Erdizen eraiki nahi den harrobiak. Baztanen ez ezik, Bidasoaldean eta kanpoan ere oihartzun zabala du. Proiektua aspaldikoa da, 2001ean eskatu baitzuen Magna enpresak Erdizen zundatze lanak egiteko baimena. Eugiko meategiak 8-10 urt

Erdiz Bizirikek argi du harrobiak «babestutako eremu batean eta ingurumenean txikizioa» eraginen lukeela, eta horren bidetik, martxoaren 24an Elizondon egindako manifestazio jendetsua. Bertze aldean, Magna enpresa, «Baztanentzat aberastasun iturri izanen den proiektua» dela iritziz. Proiektua une honetan, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Sailean dago, han hartuko den erabakiaren zain dago Baztango Udala. Behin Gobernuan adostutakoaren berri izatean, Junta Generalean hartuko omen da erabakia, aitzinetik baztandarrei jakinaraziko omen zaie.

Baztanen inoiz egin den manifestaziorik handiena izan omen da. Antolatzaileek 2.000 bat lagun aipatu zituzten, Foru Poliziak, 1.000 inguru. Eztabaida bizi-bizi dago Baztanen.

«Txikizioa» eta «aberastasuna», proiektu bakarra eta bi iritzi aurrez-aurre. «Naturari hartutako mailegua, gero itzuliko duguna». Halaxe deskribatu digu proiektua Jose Antonio Yeregui Magnako industria arduradunak. Izan ere, harrobia ustiatzeko bi zulo egitea aurreikusia dute, «gutxi gorabehera biek 480 metroko luzera, 200 metroko zabalera eta 150-160 metroko sakonera izanen dute». Baina diotenez, egindakoa berreskuratuko omen da: «Zulo horietatik bat orain duen formarekin geldituko da, erabat tapatua, eta bertze zuloak hainbat erabilpen izan ditzake: lakua, larrea edo aisialdirako gunea, adibidez». Hagitz bertzelakoa da Mikel Sobrinoren iritzia. Zuloak egindakoan, «txikizioa» itzuliezina izanen dela azpimarratzen du, eta hainbat «arrazoi» ditu, Erdiz ingurua Komunitatearentzat Interesa duen Tokia dela,

Leku babestua

Erdizaga babestutako lekua da. 2005ean Alduide mendia Kontserbatze Bereziko eremua (ZEC) izendatu zuten, Gisa berean, Komunitatearentzat Interesa duen Tokia (LIC) da Erdiz. LIC horrek Erdiz aldeko 9.028 hektarea hartzen ditu eta Magnaren arabera horietatik 63 hektareako eremu batean geldituko litzateke harrobia. Erdiz Bizirikek, ordea, 63tik haratago joanen dela uste du, «100 hektarea hondatuko dituzte». LIC horren barruan katalogazio maila desberdineko tokiak daude, eta Sobrinok adierazi digunez, «harrobia eraiki nahi duten tokia katalogazio maila altuenekoa da». Hori horrela dela adierazteko Nafarroako Gobernuareko mapa bat ere badutela erran digu plataformakoak.

Baina Magnaren mapak bertzelakoa adierazten du. Yereguiren hitzetan, maparen eskalan dago kontua: «LIC bat izendatzen denean, azterketak 1:50.000-1:10.000 eskalan egiten dira eta ez dira zehatzegiak izaten». Hala, katalogazio mailarik altuenean dagoen tokia den ala ez ikusteko, azterketa «zehatzagoa» egin omen du enpresak, 1:5.000 eskalan. Sobrinok eta plataformak, ordea, argi dituzte gauzak: «1988an Nafarroako Gobernuak Okoroko parke eolikoa baztertu zuen, bertako larretan eginen zen kaltearengatik, eta paisaian izanen zuen eraginagatik. Eta nola onartu dezake harrobia egitea?». Baztango larre haundienetarikoa da Erdiz, 1.500 abelbururen bazkalekua ere bai.

Harrobiaren neurriak

«Euskal Herrian inoiz egin nahi den harrobirik haundiena da, Almandozkoa baino 10 aldiz haundiagoa». Harrobiaren neurria da plataformak salatzen duen bertze kontua, Udalak kontratatutako Ingean enpresako azterketan oinarrituz. Yereguiren hitzetan, ordea, ideia hori ez da «batere zuzena», eta datu batzuk eman dizkigu: «Azturretako harrobiak 78 hektarea ditu (Eugin dagoena, Magna enpresarena), Ultzamakoak 22 hektarea, Etxauri eta Tiebaskoek 72 hektarea, Alaitzekoak 55 hektarea, Almandozkoak 15…». Gaineratutakoaren arabera, «Erdizko ustiapena 63 hektareatan izanen da, baina gero zulo bat estali eginen da, eta bertze zuloaren tamainakoa geldituko da. Hori ez da Euskal Herriko haundiena». Baina «Euskal Herriko bertze harrobiak eredu argiak dira lehengora ez direla bueltatzen ikusteko», dio Sobrinok.

Ingurumena eta aberastasuna

Yereguik proiektuaren «bi hankak» azaldu dizkigu. Magnak badaki harrobiarekin ingurumenean eraginen duela, eta inpaktua ahalik eta ttikiena izan dadin azterketak egiten ari omen da. Orain hiru urte azterketa bat egin eta Nafarroako Gobernura bidali omen zuten, han aldaketa batzuk eginarazi omen zizkioten, eta «beharrezko aldaketak» egin omen zituzten. «Kontsulta guztiak aintzat hartuz hainbat aldaketa egin eta berriro Nafarroako Gobernuko Ingurumen sailera bidali dugu, eta hemen osaketa batzuk agindu dizkigute. Hori bukatutakoan ofizialki aurkeztuko dugu proiektua». Hala ere, aberastasuna ingurumenean eragindako inpaktua baino haundiago izanen omen da, Magnako arduradunaren hitzetan: «Ez Magnarentzat bakarrik, Baztango herriarentzat ere bai». Bide horretan, inpaktua jasoko duten guztiei laguntzeko konpromisoa hartuko omen dute. Erdiz Bizirikekoak, aldiz, argi du etekina nork aterako duen: «Magnarentzat Erdiz altxor bat da, Zubiriko planta hor duelako, Erdizetik hurbil, eta horrela ez duelako bertze plantarik eraiki beharrik».

Magnak azken aldian Baztango hainbat eragile eta talderekin hitzarmena sinatu du, kirol arloan zein bertze arloan. Sobrinorentzat hori «jendea erostea» da, Yereguirentzat, ordea, «laguntza ematea». Herrian «integratze» aldera dirulaguntza eta bertzelako laguntzak emanen dituztela erran digu Magnakoak, proiektua onartua izan dadin, «badakigulako harrobia baztandarrentzako onuragarria izanen dela».

Harrobia eraikitzeak inguruan ere aldaketak ekarriko lituzke. Errepidearen kasuan, sei metroko zabalera izatetik zortzikora pasatuko litzateke, eta trafikoa ere ugarituko litzateke. 11 kamioi pasatuko dira orduko. «120 kamioi goiz batean», gaineratu du Sobrinok. Halere, bi turnotan eginez, orduko 5-6 kamioi pasatuko zirela argitu digu Magnakoak.

35 lanpostu berri sortuko dira, baina, Erdiz Bizirik-en arabera, «gehienak Zubirin izanen dira, eta hori baztandarrentzat Iruña baino urrutiago dago». Bertzelakoa dio Yereguik, oraindik ziurtatu ezin duen arren, lanpostu «gehienak» Erdizen izanen direla iragarri baitu

Magnesitaren bila

Harrobiaren gibelean magnesitaren bila dabil Magna enpresa, Yereguiren hitzetan, «ezinbertzeko baliabidea delako eta hagitz toki guttitan dagoelako». Siderurgiako labeak isolatzeko, pentsuak egiteko, ingurumenarentzat… erabiltzen omen da. Beharrezkoa dela erratea «estrategia hutsa» da Sobrinoren iritziz. Egun herrialde aurreratuenetan, Ingalaterraren kasu, itsasotik ateratzen omen da magnesita gehiena, «hemen ateratzen dena baino aise kalitate hobeagokoa». Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren txosten bat aipatu du Erdiz Bizirikek, eta txostenak dioenez, «espainiar estatuan behar baino magnesita gehiago ateratzen da».

Baztango Udalaren jarrera
Bi aldeen jomuga da Udala, Magnak «akordioa» lortu nahi duelako eta plataformak, zer eginen den argitzeko «erantzun bat» nahi duelako. Hala, udal hauteskundeen aitzineko Junta Generalean, Pello Obregozo Iruritako alkateak gai honen inguruan galdetu zien udal ordezkariei. Santi Aldakok (EA) azaldu zuen Ingurumen Departamentuaren txostena izatean, Udalak Junta Generalaren esku utziko duela erabakia hartzeko ardura.

Begoña Sanzberrok (UPN), garbi du «erabakia Baztanen hartu behar dela» Gobernuak berari dagokiona argitu ondotik. «Udalak aspaldi hartu behar zuen erabaki bat, eta ez ibili orain dabilen bezala». Dena den, harrobien inguruko erabakiak ez direla sekulan Junta Generalean hartu gaineratu zuen. «Politika berria dela ematen du, eta konforme gaude horrela aplikatuko bada, baina kasu guzietan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun