Florentino Goñik, Baztango zinegotziak, heldu den hauteskundeetan ez da aurkeztuko. Azkenekoetan nahiz eta independente izan EArekin sartu zen, baina oraingoan argitu nahi izan ez duen baldintza bat onartu ez diotelako lekua bertze norbaiti uztea erabaki du. Hala ere, geroxeago bizi politikora itzultzea ez du baztertu.
Asteazken arratsaldean Baztango zinegotziak prentsa deitu zuen bere erabakiaren berri emateko. Jakinarazi zuenez, duela aste bat tokiko EAko batzorde eragileak hauteskundeei begira bere asmoak zeintzuk ziren galdetu zion. Hasiera batean Florentino Goñik orain arte bezala segitzeko gogoa zuela erantzun bazuen ere, beranduxeago, argitu nahi izan ez duen baldintza bat eman zien EAkoei. Azken hauek asteartean haien artean bildu ondotik ez zuten onartu, eta Beraz zinegotzi independenteak aipatu zuen bezala lekua uztea eta ez aurkeztea erabaki zuen. Oronoztarrak argi utzi nahi izan zuen hala ere ez zela erabaki erraza izan eta alde batetik pena ematen ziola proiektu batzuk bukatu gabe baitoa. Oraingoan ez bada aurkeztu ere, azken lau urte hauetan herri lan, garraio eta hirigintza arloan aritu den zinegotzia gustura aritu dela onartu du eta lagundu dutenak eskertu nahi izan ditu. Argi ez badu erran ere, ederki ulertarazi du segur aski heldu diren urteetan ere berekin kontatu beharko dela.