Aurtengo lehen udaberriko feria ortziralean ospatuko da Elizondon. Horren kari bertze hainbat ekitaldien artean Baztango IX. Ahari Lehiaketa eginen da.
Ohi bezala Pazko ondoko ortziralean eskualdeko hainbat nekazari, abeltzain eta herritar Elizondon bilduko dira Baztango Udaberriko Ferian. Lehen baino anitzez guttiago badira ere, goizeko 9:00etatik aitzinera saltzeko diren azienda buruak ikusten edo erosten ahalko dira merkatuko plazan. Ordu bat beranduago, ederki gosaltzeko aukera paregabea eskainiko dute han bertan zikiroa erreko baitute eta Baztan zopak prestatuko baitituzte. Ordu berean, baina Foru plazan, bertako produktuen feria irekiko dute Baztanen ekoizten diren gasna, fruitu, kontserba, ezti, txokolate eta taloekin. Janariak izanen badu protagonista nagusia, esku lanei ere tarte bat eginen zaie. Karriketan ibiliz, zilarrez, egurrez, larruz eta burdinez egindako lanak ikusten ahalko dira baita nahi izanez gero erosi ere. 11:00tatik aitzinera ez da animaziorik faltako herrian txistulariek eta dantzariek erakustaldia eskainiko baitute. Bazkaltzeko orduan, Elizondoko karrikak lasaituko badira ere, arratsaldean, 19:00etan dantzaldia eskainiko da.
Azienden feria iragaiten den bitartean azken 8 urteetan bezala, Baztango IX. Ahari Lehiaketa eginen da. Bakarrik parte har dezakete Baztango Latxa arrazakoak, eta lehiaketan sartzeko goizeko 11:00tarako merkatuko plazan egon beharko dute. Artzain bakoitzak nahi bezain buru aurkez ditzake inskripziorik ordaindu behar izan gabe. Epaimahaiari dagokionez, Baztango alkateak zuzenduko du, eta berekin eskualdeko albaitari, teknikari eta nekazari batzuk arituko dira. Ahariak bi sailetan banatuko dira, buru gorriak eta buru beltzak. Bietan hiruna sari banatuko dira. Irabazleak kaiku bat eta 75 euroko saria eskuratuko ditu, bigarrenak 50 euroko saria, eta hirugarrenak 30 euro. Banaketa 13:30ak aldean eginen da merkatuko plazan bertan.
Udaberriko feriak Baztango udalak antolatzen du, eta horretarako 3.500 euroko aurrekontua baztertu du aurten.