Mariano Izeta bekaren laguntzaz, argitalpen berri bat atera berri da: «Baztan solasean». Arizkunenean aurkeztu zuten Maite Lakar eta Ana Telletxea egileek euren liburua. Han izan ziren, bertzeak bertze, Baztango Udalaren zinegotzi Iñigo Iturralde eta Nafarroako Gobernuko Hizkuntza eta Unibertsitateetako kontseilaria den Pedro Pegenaute.
«Baztan Solasean» liburuan, baztandarren bizitza, ohiturak, erritoak eta egunerokotasunaren historia bildu dute egileek, 115 elkarrizketa egin ondotik, Oronozetik Amaiurreraino, herri guztietako jenderarekin solastuz.
Liburuak DVDa ekartzen du berekin, elkarrizketa guztiekin. Elkarrizketatuek baldintza batzuk bete behar zituzten: 65 urtetik goitikoak izatea eta elkarrizketatua eta bere gurasoak baztandarrak izatea. Liburua dagoeneko salgai dago, 25 eurotan.
Hala ere, aurkezpenean interes gehien biztu zuena ez zen liburua bera izan; Pedro Pegenauteren jarrera baizik. Bertaratutakoak agurtu ondotik —bereziki bere lagunak eta alderdikideak—, aurkezpenean erderaz ere egitea eskatu zuen, bera erdaldun bakarra zelako eta bere eskubideak «urratuak» zirelakoz.