Erdizko harrobia izan zen urteko lehen Batzar Orokorreko gai nagusia

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 3a

Santi Aldakok argi utzi zuen bere taldeak ez zuela iritzirik emanen Batzar Orokorra erabaki baino lehen

Elizondon, Baztango urteko lehen Batzar Orokorra bildu zen astelehenean. Bilerak kutsu berezia izan zuen, alde batetik, Elbetekoa izan ezik, bertze 14 alkate juratuek haien kargu hartzea zutelako, eta bertzetik, zinegotziek kargua uzten zutelako, heldu den hauteskundeak burutu arte behintzat. Parte hartu behar zuten gehienak bertan egon ziren, bakarrik falta ziren Virginia Aleman, herriko alkatea, osasun arrazoi batzuengatik, eta Elbeteko ordezkaria, momentuz izenik ez duena.

Eguneko gai zerrendan garrantzi handiko punturik ez zen izan eta bilera normaltasun osoz hasi zen. Legealdi hunen udaleko azken plenoa izan den bileran, 0 eta 3 urte arteko haurren eskolako eraikitze lanak Iruñeko Maldadia enpresari ematea onartu zuten 1,1 milioi eurorengatik, aurreikusitako %9ko beherapenarekin. Batzar Orokorrean berriz, azken urteetan, behin eta berriz agertzen diren konpetentzien banaketa eta hauen kudeaketa aipatu zituzten. Gai zerrenda bukatzean, pil-pilean dagoen Erdizko harrobiari buruz ere aritu behar izan ziren Iruritako alkate juratu berria Pello Obregozok bere iritzia zein zen galdetu baitzion Baztango udalari. Virginia Alemanen faltan, Santi Aldakok erantzun zion ingurumen sailak egiten ari den azterketa bukatua izan arte udalak ez zuela deus eginen. Bestalde, argi utzi zuen horren berri izatean Batzar Orokorrak erabakiko zuela. Bidenabar ordu arte bere taldeak iritzirik ez zuela emanen jakinarazi zuen Baztango zinegotziak. Florentino Goñi EAko zinegotzia ere, azpimarratu zuen informazio guzia izan bezain laster baztandarren esku utziko zutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun