Behi baten burua Baztandarren Biltzarra iragartzeko

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 3a

Epaimahaiak Siscu Simon Uharteko gaztearen obra hautatu du

Behi baten burua izanen da aurtengo Baztandarren Biltzarra iragarriko duen kartela. Gaur egun Uharten bizi den Siscu Simon 25 urteko diseinugileak osatu du, eta “Ni behia eta zu zer zara?” izenburua jarri dio.

Joan den ortziralean bildu ondotik, antolatzaileek eta profesional batzuk osatutako epaimahaiak duela hilabete batzuk zabaldutako lehiaketaren irabazlearen berri eman zuten. Itziar Mena, Totu Iturzaeta, Amaia Iturralde, Gotzone Sanzberro eta Jexus Bailonek fondo berdean, izarren artean agertzen den behia hautatu zuten aurkeztu ziren 30 bat obren artean.

Irabazlea, Siscu Simon ez da gehiago Baztanen bizi, baina 21 urte zituenean Elbeten egon zen, eta herriarekin harremanak izaten segitzen du. Diseinuan ohitua da Iruñeko Bermer & Co diseinu enpresan lan egiten baitu. Elizondon uztailaren 22an ospatuko den besta iragarriko duen egindako kartelari esker Uharteko gazteak 500 euroko saria eskuratuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun