Egun hauetan Elbetegaraia eta Autxitxia etxeen ondoan, eta Giltxaurdi auzoan egiten ari diren obrak burutzean ur beltzen sarean Baztango udalak egiten ari dituen obrak bukatutzat emanen dira. Hortik aitzinera, Antzanborda izanen da Elizondon ur beltzen sare zaharrarekin segituko duen auzo bakarra.
Giltxaurdin egiten ari diren lanak 54.000 euro gostatuko dute Nafarroako Gobernuak 36.000 euroko dirulaguntza emanen duelarik. Elbetegaraia eta Autxitxia etxeen ondoko obrak berriz, 69.000 euroko kostea izanen dute, eta laguntza 45.000 eurokoa izanen da.
Aipatutako bi proiektu hauek 2005 eta 2008 urte bitarteko Tokiko Azpiegituren Planean sartzen dira Erratzun edateko ur sarean laster hasiko diren obrekin batera. Azken lan hauek, aitzinekoak bezala, Doneztebeko Obras y Preparacion de Terrenos SL enpresak eginen ditu. Alde batetik edateko ura hornitzeko hodi nagusia berrituko da 82.000 euroko aurrekonturako, eta bertzetik bertze 52.000 euro ordainduko dira banaketa sarea berritzeko. Bi proiektu hauentzat Nafarroako Gobernuak 90.000 euro emanen ditu.
Ur sare kontuak alde batera utziz baina obra kontuekin segituz, Erratzuko Argin Baserriko errepidea berrituko du Sobamat enpresak 39.000 eurorako.