Aurtengoan ere Xabier Silveirarena da Nafarroako Bertsolarien Txapela, laugarren aldiz jarraian eta guztira bosgarren aldiz. Lesakako bertsolariak hotz xamar hasi zuen saioa, baina aitzinera joan ahala hobetuz joan zen, eta kartzelako lanean, emozioak erabiliz, nagusia nor zen argi utzi zuen. Gainerako bertsolariak ere ez ziren gaizki aritu, baina saio gora beheratxoa eskaini zuten, batzutan ongi eta bertze batzutan ahul xamar. Egia erran, publikoak gutti lagundu zien, dantzalekua leporaino bete bazen ere, oihu eta txalo zaparradetan zuhur ibili zen.
Hala ere, orokorrean saio ederra eskaini zuten 8 bertsolariek lan politek txarragoak ahantzarazten zituelarik. Aurtengo finalean desenpatearen lana aurreikusi zuten lehen bi bertsolariak 5 puntuko aldea baino ttikiagoarekin gelditzen baziren, baina larunbatean behintzat alferrikakoa izan zen. Arrankatzea kostatu bazitzaion ere, azken lanetan, txapelduna ederki aritu zen eta aldea hartu. Guztira 417,5 puntu lortu zituen. Finala jokatu baino lehen, pronostiko guzietan argi zen bigarren posturako lehia handia izanen zela, eta hala izan zen. Etxean ari zela, Jon Barberenak saio txukuna eskaini zuen eta hiruzpalau aldiz arriskatuz edo ongi erantzunez, txapeldun ordearen lekua lortu zuen 399,5 punturekin. Barberenaren ondotik bestalde, Iñigo Olaetxea, Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Etxabe, Miel Mari Elosegi, eta Bittor Elizagoien gelditu ziren hurrenez hurren. Azken lana ailegatu arte ez zen batere argi 8 bertsolarietatik zeinek eraman behar zuen txapela baina kartzelako lana betetzean faboritoak ez zuen hutsik egin. Hauxe izan zen gaia, “leihotik begira zaude, urrutira begira”. Bertsolari eta entzuleen mesederako gai zabala eman zuten. Batzuk Erdizko harrobia edo kartzela aipatzea hautatu bazuten Silveirak maitasuna aipatu zuen, eta nola. Berandu bazen ere azkenean publikoa iratzarri zen eta sari banaketaren ondotik emozioz betetako agurrak entzun ziren.