Erdizko meategiaren proiektuaz

1000 lagun baino gehiago bildu ziren harrobiaren aurka

ttipi-ttapa 2007ko mar. 27a, 11:21

Abeltzainek eta aziendek ireki zuten manifestazio jendetsua

Joan den larunbat arratsaldean jende anitz bildu zen Artesiagako harrobiaren aurkako Erdiz Bizirik Batzarrak deitatutako manifestaziora, antolatzaileen erranetan 1500 eta foru-zaingoaren arabera berriz 1000. Aurreikusi bezala 16:00ak aldera atera ziren foru plazatik herriko karriketan barna ibiltzeko. Bukatzerakoan, Erdiz Bizirik Batzarreko kideek adierazpenak egin zituzten udaletxearen atarian.

Manifestazio ireki zutenak, zuzenean kaltetuak izanen liratekeen abeltzainak izan ziren. Zeramaten pankartan, “Utzi pakean gure bazkalekuak” irakurtzen ahal zen. Hauen ondotik berriz, 100 azienda buru segitzen zuten, behiak eta behorrak batez ere. Erdiz Bizirik pankartaren gibelean, hurbildutako herritar guziak ibili ziren, baztandarrak baina baita eskualde osoko jendea ere. Azkenik atzean, mozorrotuta etorri zen batukadak desfilea hetsi zuen. Oro har isila izan zen, eta erdiz bizirik oihu batzuk besterik ez ziren aditu. Manifestazioa laburra izan zen, Jaime Urrutiatik Baztan Ikastolara joan eta, Santiago karrikatik foru plazara itzuli ziren bertan ekitaldia burutzeko.

Kioskora igota, Erdiz Bizirik Batzarreko kideek adierazpenak egin zituzten proiektuari buruz haien iritzia oroitarazteko eta haien asmoak plazaratzeko. Jakinarazi dutenez, Magnak egindako ingurumenari buruzko txostena kontrastatzeko abokatu edo teknikari bat kontratatzea pentsatzen dute, baina horretarako bildutako jende guzien laguntza ekonomikoa eskatu zuten. Horregatik manifestazio denbora, Erdiz Bizirik zeramatzan pegatinak saltzen aritu ziren. Aipatu zituzten bertze asmoen artean laster burutuko duten proiektuaren aurkako sinadura bilketa izan zen.Mikel Sobrino, kritika batzuei ere erantzun nahi izan zien, argi utziz, Erdiz Bizirik ez zela alderdi bat baizik eta, harrobiaren aurka diren guzien bilgunea.

Balantzea egiteko orduan antolatzaileak hagitz kontent agertu ziren eta Udaletxean kontuan hartuko zutela espero zutela adierazi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun