Lerro hauek idazterakoan oraindik ez zen egina, baina martxoaren 24an manifestazioa egitekoa zen Elizondon, Magnak Erdizen egin nahi duen harrobiaren kontra. Manifestazioa martxoaren 19an aurkeztu zuen Erdiz Bizirik Plataformak, Arizkunenean –argazkian–. Agerraldian, harrobiaren proiektua «bertan behera gelditzeko arrazoiak gizarteratu» nahi izan zituzten eta Baztango 15 herritan egindako batzar informatiboak «arras parte-hartzaileak» izan zirela gaineratu zuten. Gisa berean, Magnak etxeetara bidalitako propaganda «trikimailu salagarritzat» jo zuten. Baztango Udalak jarrera publikoki ez agertu izana ere kritikatu zuten.