Lankidetza hitzarmena berritu dute Kontseiluak eta Baztango Udalak

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 22a

Bai Euskarari kanpainan, Baztango erantzuna oso ona izan omen da Xabier Mendigurenek adierazi zuenez

Astearte goizean, Kontseiluak eta Baztango Udalak 2006an izenpetutako lankidetza hitzarmena berritu dute Elizondon egindako ekitaldian. Lau urte pasa dira, Baztanen, Bai Euskarari Akordio abian jarri zenetik, eta arduradunen erranetan egitasmoak emandako fruituak begi bistakoak dira, 60 saltoki, enpresa edo bertzelako erakundeek eskuratu dute ziurtagiria. 2005. urtearekin konparatuz %75eko hazkundea izan du. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkariak ekitaldian adierazi zuenez, Baztango erantzuna oso ona izan omen da. Udaleko ordezkarien arabera haien eginkizuna da euskaraz bizitzeko aukera izateko neurriak hartzea eta bultzatzea, eta horregatik berritu nahi izan dute hitzarmena.

Ekitaldia aprobetxatuz, instituzioei euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko deia luzatu du Kontseiluak. Azken hilabete hauetan Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarte berria sortzeko asmoarekin dabil kontseilua, baina gauzatu baino lehen, Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragileen ekarpena jaso nahi ditu. Horretarako, administrazioak zeregin horretan ezinbestekoak diren eragileen artean elkarlana bideratzeko eta gidatzeko ardura hartu behar du. Gaur arte, 1400 entitate baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun