Baztango 15 bat eragilek bat egin dute larunbateko manifestazioarekin

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 22a

Aralarrek kideen esku utzi du parte hartzearen erabakia

Larunbaterako deitu duen manifestaziorako, eskualdeko hainbat eragileen atxikimendua jaso du Erdiz Bizirik Taldeak. Magnak Artesiagan egin nahi duen harrobiaren proiektuari ezetza adierazteko manifestazioa deitu zuen Baztango taldeak heldu den martxoaren 24rako arratsaldeko 16:00etan.

Horrez gain, azken aste hauetan Erdiz Batzarrak udala osatzen duten 15 herrietan bilera informatiboak egin ditu esku artean duten informazioa zabaltzeko, eta bidenabar herritarren kezkak biltzeko. Herriko jendeekin bildu diren bezala, eragile politiko eta sozial batzuekin egon dira larunbateko hitzorduarekiko haien atxikimendua lortzeko. Hortaz 15 batek bat egin dute manifestazioarekin, tartean, Baztandarren Biltzarra Elkartea, Baztan eta Ultzamako errugbi taldeak, Lekarozko Legate Elkartea, Baztango Mendigoizaleak, EHNE sindikatua, LAB sindikatua, Erratuzko Kultur Elkartea, Jo ala Jo Kultur Elkartea, Txaruta Pilota Elkartea, Baztango AEK, Gaztelu Abesbatza eta Ezker Abertzalea bertzeak bertze.

Aralar alderdi politikoak berriz, ez ditu bere kideak manifestaziora deitu, eta parte hartzea ala ez norberaren erabakiaren esku utzi du. Hala ere, bere garaian publikoki egin zuen bezala, berretsi du harrobiaren aurka zela, baina bai informazio prozesu zabal bat irekitzearen aldekoa, beranduago erabaki kolektibo baten bitartez baztandarrek erabaki dezaten proiektuari baimena edo ezetza eman.

Joan den martxoaren 19an egindako prentsaurrekoan Erdiz Bizirik taldeko kideek azken asteetan izandako harremanen irakurketa ona egin zuten. Ziotenez, jende anitzek parte hartu du, eta ezaugarri hori garrantzitsua iruditzen zaie gai huntan herriaren iritzia balio handia daukalako. Bizkitartean, aitzineko egunetan Magnesitas de Navarrak egindako propaganda gogor kritikatu dute. Proiektuaren aurkako taldearen arabera, etxe guztietan banatu duten esku paperean, harrobia parke naturala izanen balitz bezala saldu nahi diete, eta harrobirik gabe etorkizunik ez dutela sinestarazi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun