Irurita Elizondoko saihesbidearen ibilbidea hautatu dute

ttipi-ttapa 2007ko mar. 20a, 16:01

Laburrena eta azterketa teknikoan puntu gehien lortu zituena izanen da

Alvaro Miranda Herri Lan Saileko kontseilariak astelehenean jakinarazi du Elizondoko saihesbidea eraikitzeko aurkeztu ziren lau eskaintzen artean bigarrena hautatu dutela. Gaur egungo N-121-B errepidea Arraiozen utziko du, eta Baztan errekaren ezker aldetik Elbeteraino joanen da bertan gaurko nazionalarekin berriz bat egiteko. Aukerarik laburrena da, guztira 5,9km. Horretaz gain azterketa teknikoan puntu gehien lortu zuen ibilbidea ere bada.

Saihesbidea Arraiozko irteeran hasiko da, eta lehengo Bidasoako trenbidearen ibilbidea segituko du Oharrizko hegoaldetik. 700 bat metroren buruan Baztan ibaiaren ezkerraldera pasatzen da. Hortik aitzina zuzen segitzen du Lekarozko ikastetxe eta herriaren artean pasatuz. Bertan lehen bidegurutze nagusia paratuko dute, batetik Lekarozera joateko, eta bertzetik lehengo kaputxinoen komentura joateko. Azken kilometroetan Elizondoko mendebaldetik iragaiten da San Frantzisko Xabierko ikastetxearen ondoan, eta Elbeteko Iparraldean gaurko N-121-B errepidearekin berriz ere bat egiten du. Ibilbidean, bertze bi bidegurutze nagusi izanen dira bata Elizondoko hegoaldearekin bat egiteko eta bertzea iparraldearekin.

9.5 milioi euro kostako duen proiektuarekin Elizondo eta Iruritatik pasatzen duen trafikoa arindu nahi dute. Gaur egun 4500 dira egunero bi herri hauek zeharkatzen dituzten ibilgailuak, horietariko %5 kamioiak direlarik. Herri Lan Sailetik jakinarazi dutenez, lanak urte hondarrean kontratuko dituzte, eta dena ongi joanez gero saihesbideak 2009ko udarako prest egon beharko luke. Proiektuaren espedientea ingurumen sailean egonen da hilabete batez ikusgai. Epe bera izanen dute saihesbideak zeharkatzen dituen udalek edo lurren jabeek alegazioen egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun