Beharrezkoa zuten garaipen lortu zuen Magna BKTek

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 19a

Norgehiagoka gogorra izan zen baina Baztandarrek probetxua ateratzen jakin zuten

Ohorezko mailara igotzeko fasea jokatzeko aukerak gordetzeko, Magna BKTek, Baztango eskubaloi taldeak, nahitaez irabazi behar zuen joan den larunbatean Zaragozako Rotulos Plasneon taldearen aurka. Baztandarrak nagusi izan ziren, baina norgehiagoka gogorra izan zen, eta azken minutua arte lasaitu gabe aritu behar izan ziren. Joxe Iturzaeta entrenatzaileak zelairatu zituen jokalariak hauexek izan ziren. Bogdanova, Parini, Unanua, Damboriena, Rodriguez, Salaburu, Iturzaeta, Palotas, Veszeli, Valaczkai, Irigoien eta Fernandez. Bertze behin ere jende anitz hurbildu zen kiroldegira eta haien taldea laguntzeko giro ederra sortu zuten.

Erritmo bizian hasi zen norgehiagoka, eta hasiera hasieratik ikusten ahal zen partida gogorra izanen zela. Defentsan etxekoak gogor hasi ziren. Ongi antolatua izanik, tarte gutti utzi zieten Zaragozarrei. Erasoan berriz, azkar ibili ziren aurkariei antolatzeko astirik utzi gabe. Horiek horrela, markagailuan aitzina hartu zuten, baina kanpotarrek gogor eusten zioten, eta, beti atzetik baldin baziren ere, irabazteko aukerak gordetu zituzten. Atsedenerako minutu batzuk falta zirela, etxeko taldea 6 golez aitzinatu zen markagailuan 17-11. Baina zoritxarrez baztandarrentzat, horren ondotik Rotulos Plasneonekoek 3 gol sartu zituzten etxekoen erritmoaren lasaitzea ederki aprobetxatuz. Atsedenean etxekoa 17 eta 14 irabazten ari ziren. Bigarren zatia, ez zen hain abiadura handikoa izan. Bi taldeek jokoa pausatu zuten, kontra eraso guttiago ikusi ziren. Denbora joan ahala, falta eta kolpe gero eta gehiago ikusi ahal izan ziren. Ordu arteko tentsioa normala bazen ere, hortik aitzinera areagotu zen, eta jokoari protagonismoa hartu zion. Baztandarrek ederki aprobetxatzen jakin zuten, eta ordu-arteko aldea handitzen joan ziren 30-20 aitzinduz. Partida bukatzerakoan, etxekoek irabazi zuten 34 eta 24., Defentsak nagusitu ziren partida gogorra izan zen, baina erasoan ere gauza politak ikusi ziren.

Etxekoen golegileak hauexek izan ziren, Unanua 3, Bamboriena 5, Salaburu 4, Iturzaeta 3, Palotas 4, Veszeli 3 Valaczkai 7 eta Fernandez 4. Partidua ikusgarria ez bazen izan ere, BKTkoek igoera fasea jokatzeko aukerak gordetzeko behar zituzten 2 puntuak lortu zituzten. Orain maila nazionaleko lehen 8 talde hoberenen artean sartzeko heldu den larunbateko norgehiagoka irabazi beharko dute Tarragonako Castell de Felsen aurka, eta bertze 2 multzoetako 3. postuan dauden bi taldeetariko batek galdu beharko du. Horrek erran nahi du, aurtengo BKT taldeko denboraldiaren bukaera ez dagoela haien esku.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun