Javier Ciga margolariaren museoa sustatuko duen fundazioa osatu zuten martxoaren 9an Iruñean. Fundazioa Elizondo bizi izan den artistaren obraren ezagutaraztea eta hedatzea arduratuko da.
Batzar sortzailean hautatutako zuzendaritza hauxe izanen da. Gurutze Ciga, artistaren alaba, fundazioko presidentea izanen da, Miguel Ciga, semea, batzorde kide, eta honekin batere bertze hiru, Dolores Meoki, margolariaren iloba, Jose Antonio Arnedo, artean espezializatutako liburu-saltzailea, eta Alberto Belzunegi, abokatua. Idazkari lanetan, Historiako Katedratikoa eta artearen historiako irakaslea Pello Fernandez arituko da. Jakinarazi dutenez, artistak egindako obra guzia fundazioaren esku utziko du familiak. Bilduma zertaz osatua den zehaztuko dute heldu den martxoaren 19an, margoak, objektu pertsonalak eta oroigarriak bertzeak bertze zerrendatuz.
Heldu diren egunetan, fundazioak hitzarmena sinatu beharko luke Baztango udalarekin margolariari zuzendua izanen den museo irekitzeko. Azken hau nun kokatuko den adostu bitartean, obra osoa, prentsaurreko eta hitzalditarako erabiltzen den udaletxeko ganbaran egonen da. Alde batetik, Javier Ciga fundazioak, obra, Baztango udalaren esku utziko du 10 urterako, eta bertzaldetik udalak hitzartzen du hautatuko den egoitzan egin beharreko lanak bere gain hartuko dituela, eta milioi bat euro arteko asegurua kontratatuko duela edozein urraketa edo galeraren kontra. Fundazioa eta Udalaren arteko harremanen inguruan, plenoak dagoeneko onartu du zirriborro bat eta jakinarazi dutenez, “artegune bizi bat” sortu nahi dute, horren barnean hitzaldiak, ikastaroak eta lehiaketak antolatuz.