5 aldiz bildu eta gero, ez dute oraindik alkate juraturik Elbeten

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 14a

Joan den igandean ospatutako azken batzarrean 2 herritar baizik ez ziren bildu

Bosgarren batzarra burutu eta gero, Elbetek alkate juraturik gabe segitzen du. Bakarra da Baztango 15 herrien artean kargua hartzeko prest den herritarrik ez duena atzeman.

Joan den igandean egin zuten azken batzarra, baina arrakasta handirik ez zuen izan, lau lagun baizik ez ziren bildu, Baztango alkatea Virginia Aleman, alkate ordea Santiago Aldako eta bi herritar, baina hauek ez zuten aurkezteko asmorik. Hala ere, Baztango uda-kideek aukera aprobetxatu zuten erabil komunitarioarentzat moldatu nahi den lehengo herri eskola bisitatzeko.

Ez da lehen aldia gisa horretako egoerak gertatzen direla Baztanen. Bertze herri batzuetan gauza bera gertatu izan da, eta batzutan okerrago oraindik, adibidez Arraiozen. Herriko ordezkaririk ez izateak denbora galarazten du administrazioko eginbeharretan, eta bidenabar, udala eta herritarren arteko harremanak zailtzen ditu. Udaleko ordezkariek ziotenez, Elbetegarraia eta Autittxia auzoetan saneamendu sarean obrak egin behar dituzte, horretarako 75.000 euroko aurrekontua onartu dute, baina horrelako obrak betetzeko herritarrak ordezkatzen dituen norbaitekin harremanetan egotea egokiago izaten da, eta hala segituz gero hori gabe egin beharko dute.

Baztango Batzar Orokorrak apirilaren 2an ospatuko du legealdiko lehen bilera, eta orduan hartuko dute 2 urteko kargua hautatuko alkate juratuek. Elbeten, gauzak aldatzen ez badira, herriak ez du ordezkaririk izanen Batzar Orokorrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun