Azpilkuetako errepidea zabaltzen ari dira

ttipi-ttapa 2007ko mar. 13a, 16:19

Auzolanari esker arriskutsuak gelditzen ziren bi bihurgune hobetuko dituzte

Aurreikusia zen bezala azken aste hauetan.N-121-B eta Azpilkuetako herria lotzen dituen NA-4457 errepidea zabaltzeko lanak egiten ari dira. Horrela, duela urte bat Nafarroako Gobernuak emandako hitza betetzen ari dira bi auto gurutzatu ezin ziren errepidean. Zabaltzen ari diren zatiak 2,1km luze ditu, N-121-B errepideko 62. kilometrotik Azpilkuetako erdiguneraino. Herritarrek aspalditik eskatzen zituzten lan hauek.

Bestalde, hasierako proiektuan aurreikusten ez ziren bi bihurgune hobeki moldatzea onartu du Nafarroako Gobernuak. Obrak hasterakoan, Jon Alkesenea alkate juratu berriak bihurgune hauek hobetzearen premia ikusi zuen. Hortaz, batzarra deitu zuen eta Herri Lan Sailari zein Baztango Udalari, bere gogoaren berri eman zien. Bi erakundeek onar zezaten, Baztango udalak 75mko pareta eraikitzea bere gain har zezan eskatu zuen, eta lanen betetzeko, herritarren laguntza eskaini zuen. Bi entitateek haien oniritzia eman zuten eta beraz, Herri Lan sailak zabaltze lanak eginen ditu, Udalak pareta eraikitzeko materiala ordainduko du eta azken hunen lanak herritarrek eginen dituzte auzolanean. NA-4457 errepidearen moldatzeko lanak goizenik Aste Saindurako bukatuko dira, eta beranduenik udarako, eta azkenean azpilkuetarrek urtetan eskatu dituzten lanak bukatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun