Pasa den asteburuan, Elizondoko merkatari, zerbitzu emaile eta ostalarien Bertan elkarteak antolatutako Stock Ferian, ehunka lagun ibili ziren. Horren kari, 20 bat saltzailek postuak jarri zituzten herriko pilota-lekuan, eta 10 bat zerbitzu emailek haiena iragartzeko mahaiak. Doneztebekoak izan zuen arrakastaren ondotik, Elizondokoan ere, jende anitz ibili zen postuz postu herriko saltzaileek merkeago paratu zituzten tresna eta arropen ikusteko eta erosteko.
Bertan elkartea, duela 6 bat hilabete sortu zen Baztango merkataritza arloa sustatzeko. Hilabete batzuen buruan zerbitzu emaileak elkartean onartu zituzten, eta geroztik arlo hori ere lantzen dute. Horrekin, indarrak batu nahi dituzte, eta gero eta handiagoa den konpetentziaren aitzinean eskaintzen duten zerbitzua hobetu eta bezeroen fideltasuna garatu. Hortaz, joan den asteburuko Stock Feriarekin, baztandarrei frogatu nahi izan zuten kalitatezko produktuak eskaintzen ahal zituztela prezio onean kilometroak eta kilometroak egin gabe.
Donezteben bezala, Baztandarrek ere, besta giroa sortu nahi izan zuten. Horretarako, pintxoak, taloak eta edariak ez ziren faltan izan. Animazioa berriz Jo Ala Jo kultur taldearen esku izan zen.