Bi hilabeteko atzerapenarekin alkate berria Iruritan

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 13a

Azkeneko momentuan, Pello Obregozo aurkeztu zen

Laugarren batzarrean, eta bi hilabeteko atzerapenarekin, Iruritak alkate berria du.Aurten,Baztango herri guztietan, alkate-jurado berritzea egokitzen zen, Errege batzarrean.Bitan ezik, Elbete eta Iruritan,gainerako guztietan hautatuak izan ziren.

Iruritaren kasuan martxoaren 4rako Baztango alkateak deituriko bigarren batzarrean eta «norbaitek herriko alkatea izan nahi du?» galderari erantzunez, 35 urteko Pello Obregozo Istilartek bere burua aurkeztu zuen. Hala, hiru minututan akitu zen batzarra, parte-hartzaileen txaloen artean.

Orain arte nahiz eta alkaterik gabe egon,herriko martxak aitzinera segitu du: gazteen eskutik inauteriak eta bestak.Bestetako antolakuntza eta egitaraua dagoeneko martxan dago, eta Orakunde Guraso Elkarteak eta eskolako irakasleek antolatu zuten.

Datozen bi urteetan, ordea, gai arantzatsu bat dago herrian, Erdizko harrobia. Espero dugu osatzen duen alkatelagunen taldearekin eta herri osoaren laguntzarekin zama hori eramangarriagoa izatea.

Lerro hauek argitaratu orduko, Elbeteko batzarra ere egina izanen da, eta agian alkaterik duen ala ez jakinen dugu. Elbete da alkatea falta duen bakarra Baztango Batzar Orokorra osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun