Miguel Sanz Nafarroako presidenteak otsailaren 28an foru poliziaren komisaldegi berria inauguratu zuen Elizondon. 24 kidek osatuko dute eta Santiago karrikan dago kokatua. Komisaldegiak hiru bulego ditu: ikuskaritza unitate bat eta jendea hartzeko bi. Gisa berean, biltegia eta kalabozoa ere baditu, eta ingurua behatu eta kontrolatzeko, telebista zirkuitua. Nafarroako Gobernuak 165. 386 euroko inbertsioa egin du lan hauetan.
Elizondoko komisaldegiak 25.425 herritar artatuko ditu Baztan eta inguruko bertze 27 udalerritan: Anue, Arano, Arantza, Baztan, Ezkurra, Goizueta, Igantzi, Ituren, Labaien, Lantz, Lesaka, Odieta, Oitz, Saldias, Sunbilla, Ultzama, Urdazubi, Urrotz, Zubieta eta Zugarramurdi. Bertzeak bertze, hiritarren arreta zerbi-tzuaz, trafikoaz eta bideko segurtasunaz arduratuko da Elizondoko komisaldegia.
Protestak
Irekiera ekitaldian zenbait istilu izan ziren. Hala, lagun batzuk protestan agertu ziren komisaldegi berriaren ai-tzinera euren desadostasuna agertuz, baina protestan joandakoek errandakoaren arabera, urrutiratuak izan ziren.
Baztango ezker abertzaleak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, «UPNk bere polizia helburu politikoekin eta bere eredu espainolista inposatzeko erabiltzen duela salatzeko» bildu ziren. Gaineratu zuenez, ezadostasuna adierazten zuten esku-orriak atera ahala, foruzainek «bortizkeria erabiliz, leku itxi batera eraman eta 20-30 minutuz identifikatzen, miatzen eta iraintzen» eduki zituzten. Horrelako gertaerak, «kanpotik etorri berri diren poliziaren izaera inposatzailea argi erakusten dutela» erran zuten.