Ortziraletik aitzinera kultur egunak ospatuko dira Berroetan

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 7a

Igande goizean zakurrren hezteko aholkuak emanen dituzte Jorge Oteiza eta Txuma Zabaltzak

Heldu den ortziraletik igandera, Gure Ametsa elkarteak kultur egunak antolatu ditu Berroetan. Horren kari hainbat ikastaro, ekitaldi eta erakustaldi prestatu dituzte.

Lehen egunean martxoaren 9an, gazteei zuzendutako eguna izanen da. Arratsaldeko 17:00etan, Osiok ipuinak kontatuko ditu elkartearen egoitzan. Ordutegi berean, Miguel Ustarizek eskuz pilotako tailerra eskainiko du herriko pilota-lekuan. 18:30ean hurbildutako haurrei txokolatada eskainiko zaie, eta ordu erdi bat beranduago gazteen mus txapelketa hasiko da. Lehen eguna bukatzeko afaria prestatuko dute herriko gaztetxoentzat arratsaldeko 20:30ean.

Larunbatean, ekitaldiak goizetik hasiko dira. 10:00etan baratze zaleek, frutarbolen kimaketa eta txerkaketari buruzko ikastaroan parte hartzen ahalko dute. Teoria ikasi ondotik pratikan arituko dira, beraz, bakoitxak bere aixturak ekartzea beharrezkoa da. Ikastaro huntan parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira. Bazkal ondoan, 16:00etan pilota tailerraren bigarren zatia emanen du Migel Ustarizek. Gazteak kirolan arituko direlarik, ordu berean helduentzako mus txapelketa hasiko da elkartean. Bi ordu beranduago, 18:00etan, Mikel Belaskok Gure Bazterrak Aniz eta Berroetako toponimiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Eguna bukatzeko kantu afaria eginen dute 20:00etatik aitzinera, baina ez edozein kantu afari, Pello Zabaltza eta Oskar estangak hitz eta esaldien erranahi buruz zehaztasunak emanen baitituzte.

Kultur Egunen azken egunean, igande goizeko 10:00etan zakurren heziketari buruzko ikastaroa eskainiko da dohainik Jorge Oteiza eta Txuma Zabaltzaren eskutik. Lehen zati batean bi artzainek teoria erakatsiko dute, eta ondotik erakustaldia arraza ezberdineko bi zakurrekin, bata Euskal arrazakoa eta bertzea Boarder Coleya. Ondotik 11:00etan, Nafarroako Herri Kirol jolasen hirugarren jardunaldia jokatuko da herriko plazan. Hortaz herrialde osotik etorritako 200 bat haur espero dituzte. Eguerdian bazkaria izanen dute elkartearen egoitzan, eta arratsaldean Tuku-keta Baztango mahai jokoaren txapelketa eginen dute 17:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun