Peio Obregozo da Iruritako alkate-juratu berria

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 6a

Kargua hartu nahi izan du bere ustez garai garrantzitsuak heldu direlako

Joan den igandeaz geroztik Peio Obregozo da Iruritako alkate juratu berria. Aitzineko legealdia akabatuz gero laugarren batzarra zuten Iruritarrek. Aitzinekoan bezala, Baztango Alkateak Virginia Alemanek, batzarra zuzendu zuen alkate ordea den Santiago Aldakoren laguntzarekin.

Abenduaren 24an Maribel Sanjose karguan ez zuela segituko jakinarazi zuen, eta igande arte egindako hiru batzarretan ez zen inor aurkeztu. Azken bileran 25 bat herritar bildu ziren, eta hauen artean Peio Obregozok, 35 urteko irakasleak, kargua hartzeko prest zegoela azaldu zuen. Bertze inor ez zelako aurkeztu zuzenean hautatu zuten.

Ttipi Ttaparekin solastatu duenean argi utzi nahi izan du ilusioarekin hartzen zuela kargua ez eta behartuta. Dioenez ez da berehala animatu, aste tartez Iruñean egoten delako, eta hasiera batean, traba bat izan zitekeela pentsatzen zuelako. Lagun batzuekin hitz egin ondotik laster ohartu zen ez zela hala izanen, eta baldintza horietan ere lana betetzen ahal zuela. Aspaldiko gogoa zuen, garai garrantzitsuak heldu direlako bere ustez, batetik Erdizko harrobiko gaia dagoeneko pil-pilean da, eta Iruritan ere harrobi baten egitea ere aipatzen da. Gai hauek ahal bezain ongi segitu ahal izateko kargua hartu nahi izan du. Ardura berria da Iruritar gaztearentzat, eta lanean hasi baino lehen talde bat osatu nahi du bere inguruan. Horretarako, heldu den asteetan Iruritar batzuekin egoteko asmoa duela erran digu.

Igandeaz geroztik beraz, Elbete da alkate-juraturik gabe segitzen duen Baztango herri bakarra. Egoera konpondu ahal izateko, heldu den igandean ospatuko dute laugarren batzarra, eguerdiko 12:00etan, herriko ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun