Sanz presidenteak Elizondon foru-zaingoen komisaria inauguratu du

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 1a

Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak asteazkenean Elizondon foru poliziaren komisaldegia inauguratu zuen. 24 kidek osatzen dute eta herri-gunean kokatzen da, Santigo kaleko 57. zenbakian. Presidenteak ekitaldian lagun izan ditu presidentzi, justizia eta barne saileko kontseilaria den Javier Caballero, barne saileko zuzendari orokorra den Juan Ramon Rababe eta Alfonso Fernandez foru poliziaren zuzendaria.

Komisaldegiak 3 bulego ditu, ikuskaritza unitate bat eta artatzeko bi. Era berean, komuna, biltegia eta kalabozoa ere baditu. Ingurua behatu eta kontrolatzeko, telebista zirkuitu itxia du. Nafarroako Gobernuak 165.386 euroko inbertsioa egin du lan hauetan. Elizondoko foruzaingoko komisaldegiak bere ekinbide arloen bidez 25.425 biztanle artatuko ditu 27 udalerritan, honela banaturik: Anue (419), Arano ( 143), Arantza ( 628), Baztan ( 7.807), Ezkurra (200), Goizueta (814), Igantzi (504), Ituren (469), Labaien (279), Lantz (119), Lesaka (2.680), Odieta (317), Oitz (146), Saldias (122), Sunbilla (670), Ultzama (1.606), Urdazubi (391), Urrotz ( 197), Zubieta (393) eta Zugarramurdi (235). Denetara 1.102 kilometroko azalera hartzen dute aipaturiko udalerriek.

27 hauetatik 5 konposatuak dira. Batzuk kontzejuak dira eta toki entitateen kasua Baztanen ematen da. Anue; Baztan ( Almandoz, Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraoiz, Azpilkueta, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz, Oronoz-Mugairi eta Ziga; Bertizarana ( Legasa, Narbarte eta Oieregi); Odieta eta Ultzama. Hasiera batean zonaldeko entitateekin egin dituzten bilerak ikusirik, komisaldegian salaketak, eskaerak, iradokizunak eta bertze, aurkez ditzakete hiritarrek ikerketa arloa aintzat hartuz, trafikoarekin zerikusia duten gaiak eta bide segurtasuna.

Komisaldegiaren inaugurazioa probestuz, Sanz presidenteak iragarri du laster Baztango udalarekin hitzarmena sinatuko dutela, presidentzia, justizia eta barne departamentuak Nafarroako udalerri eta kontzejuen federazioarekin izenpetutako hitzarmenarekin bat eginez. Elizondoko foru poliziaren komisaldegia Nafarroako bosgarrena da Iruña, Tutera, Zangotza eta Tafallakoekin batera. Hauez gain, bertze pare bat zabalduko dira Lizarra eta Altsasun martxoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun