Bertso Paper, Esaldi eta Gutun lehiaketaren sariak banatuko ditu Baztandarren Biltzarrak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 27a

Horren kari ekitaldi bereizia antolatu dute ostiral arratsaldeko 19:00etan

Duela bi hilabete martxan jarritako Bertso Paper, Esaldi eta Gutun lehiaketaren irabazleen berri eman du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Sari banaketa heldu den ostiralean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eginen da arratsaldeko 19:00etan.

Bertso paper lehiaketa hiru mailatan banatu zuten. 9 urtekoetan Erratzuko Itsasok irabazi du, eta Elizondoko Jone Uriarte bigarren gelditu da. 10 urtekoetan txapelduna Berroetako Ainhoa Juanikorena izan da, eta txapeldunordea berriz, Elizondoko Manex Erneta. Hirugarren mailan, 11 eta 12 urtekoen lanak biltzen zituenean, Erratzuko Xabier Uriartek idatzi du bertso politena. Uhaina Apezetxeak, Erratzukoa hau ere, bigarren saria lortu du. Aipatutako 6 bertsolari gazte hauek Bertiz Abentura Parkeko bina sarrera jasoko dituzte.

Gainerako lehiaketak adin guzietako jendeei irekiak ziren. Esaldien lehiaketan epaileek Elizondoko Ibai Larretxea hautatu zuten lehen sarirako. Horri esker 2 pertsonentzako afaria irabazi du Eskisaroi Jatetxean. Gutunen lehiaketan berriz, Jon Barberenak irabazi du, eta Iban bezala, 2 pertsonentzako afaria eskuratuko du jatetxe berean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun