«Amateur gisa hasi eta poliki-poliki profesionalekin aritzeko aukera izan dut»

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ots. 27a, 09:48

Joshe VIELA Osasunako prestatzaile fisikoa TTIPI TTAPA

• Joshe Viela Urtasun iruritarra duela bi urte hasi zen Osasuna futbol taldeko profesionalekin prestatzaile fisiko lanetan. Lehen mailako jokalariekin, berriz, 2006ko maiatzean hasi zen.

• Baztanen hasi zen futbolean eta jubenil mailan bi urte eta erdiz Iruñan aritu zen. Gasteizen INEF ikasketak egin eta gorputz heziketako irakasle modura ibili zen gero. Eta horrela, Taxoaren hasi zen harrobiko taldeetan.

• Hamar urte daramatza Osasuna taldean lanean eta taldeko kategoria guztietan aritua da.

Betiko ametsa futbolari izatea. Halaxe desiatu izan du Joshe Vielak ttikitatik, eta amets hori ez du hagitz bazterrera utzi bere egunerokoan. Dagoeneko hamar urte pasatu dira Viela Taxoaren lanean hasi zenetik. «Hasieran amateur gisa hasi nintzen, eta poliki-poliki, urratsez-urrats jokalari profesionalekin aritzeko aukera izan dut».

Aspektu ezberdinak pilatu zirelako hasi zen Joshe Taxoaren lanean.«Nire formakuntzarekin segitzen nuenean, ikastaro batzuetan hemengo arduradunekin harremanetan hasi nintzen. Eta horrela, Taxoaren egitura eta giza-baliabide aldetik aldaketa bat eman behar zen garaian, mugimendu hartatik nahiko hurbil nengoenean gertatu zen».

Gustukoa du Vielak bere lana, «aberatsa eta erakargarria» delako. Egunetik egunera bere lana aldatzen dela dio. «Denboraldiak fase ezberdinak ditu, kontuan hartu behar da 24-25 jokalariz ari garela eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Denboraldi hasieran, jendea ezagutzeko garaia da. Hori da planifikatzeko abiapuntuta. Hortik abiatuta bideratzen dugu hurrengo asteetako lana».

Talde lana da nabarmendu duen bertze ezaugarria. «Talde bakoitzak bere filosofia du, eta Osasunan futbola era batera ikusten dugu, talde lanean eta denon inplikazioan oinarritua». Eta emaitza onak lortzeko zenbait jokalarik duten dohain berezietaz baliatzen badira ere, «argi dago, onenek ere ondokoen laguntzarik gabe ez dutela ezer eginen».

«Neke fisikoa handia izaten da, baina psikologikoa ere bai»

Asteartetan ez ezik gainontzeko egunetan entrenamenduak izaten dituzte Osasunako jokalariek, baina neke fisiko horretatik haratago, taldekideen artean lehia izaten dela aitortu du Vielak, neke psikologikoa ere bai, beraz, «postua lortu edo askotan deialdian sartzeko». Izan ere, 24 jokalaritik 18k parte hartzen dute deialdian, eta horietatik 11 ateratzen dira zelaira, gehienez bertze hiru. Astero sei jokalari etxean. «Egunero zelaian konpetitibitate handia dago».

Liga hasiera gogorra izan zuen Osasunak, «partida dezente jokatu eta aldeko emaitzik ez». Baina egindako ahaleginari esker ongi doaz ligako sailkapen nagusian. Hala, hamar lehenengoetan bukatuta kontent geldituko litzateke Viela. «UEFA eta Kopako finalera ailegatzea ere gustatuko litzaiguke». Baina ametsik gozoena «Chanpionerako berriz sailkatzea» litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun