Baztango Udalak 1,1 milioi euro baliatuko ditu 0 eta 3 urte bitarteko haurren zentroa eraikitzeko Elizondoko Merkatu Zelai izeneko lekuan, San Frantzisko Xabier ikastetxea eta ikastolaren artean. Barbarin eta Ofizialdegi arkitektoek idatzitako proiektua solairu bakarrekoa izanen da, eta guztira 920m koadratu izanen ditu hainbat gela eta patiotan banaturik. 85 haur hartzen ahalko ditu bularrekoak barne. Itxurari dagokionez, modernoa izanen da kristal anitzekin, eta gaur egungo arautegiari egokitua.
Gaur egungo 0 eta 3 urte arteko haurren eskola duela 15 urte sortu zen, baina laster ttikiegia gelditu zen. Aurten 19 haur gelditu dira itxaronzerrendan. Hortaz, horrelako egoerak saihesteko Baztango udalak, Nafarroako Gobernuen dirulaguntzak itxoin gabe neurriak hartzea erabaki du. Hala ere etorkizunean azpiegitura hornitzeko dirulaguntzak izanen dituztela espero dute. Proiektu hau herritarrak Baztanen egoteko proiektu zabalago baten parte da, biztanleak edukitzeko proiektua hain zuzen.