Azken aste eta hilabete hauetan Magnesitas de Navarrak Erdizen egin nahi duen harrobiaren proiektuak hauts anitz arotu ditu Baztan aldean. Batzuk alde, bertzeak kontra, udalerrirako onuragarria izan daitekeela eta ingurumenarentzat berriz kaltegarria, iritzi ezberdinak aditu dira. Hortaz, azkenaldi huntan, Baztango alkatea, Virginia Aleman, hainbat bilera egiten ari da teknikariekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin eta abeltzainekin. Gainera jakinarazi duenez heldu den egun hauetan, 15 alkate juratuekin egoteko asmoa du. Alkateak berak dioenez, ahal bezain bat iritzi aditu nahi ditu, eta denbora berean informazioa ahal bezain zuzena eta gaurkotua eman. Iritzi guziak kontuan hartu nahi baditu erabakia hartu baino lehen, argi utzi du ez zela erreferenduma baten aldekoa, batez ere tramite luzea eskatzen duelako
Beti ere Artesiagako gaiarekin lotua, Ingean enpresari eskatutako ikerketaren berri jaso berri du Udalak. Txostenak dioenez, Magnesitas aurreikusitako ekoizpena bizigarria da, eta ingurumenak soportatuko luke. Hunen aurkezteko, teknikari bat ere etorri zen. Egindako agerraldian, azpimarratu nahi izan zuen bere enpresak ez zuela inoiz Magnarentzat informerik egin, eta beraz leporatu zitzaien neutraltasun eza ez zela oinarritua.