Abenduaren 19an egin zen Baztango herrietako alkateak aukeratzeko bozketak. Lehen bozketa horren ondorioz, hamabortz herrietatik hamarretan hurrengo bi urterako alkateak aukeratu zituzten. Denetan hautagai bakarra izan zenez, automatikoki hartu zuen kargua. Horietatik hiru bakarrik dira berriak karguan: Rafael Olaizola Elizondon, Martin Gamio Anizen, Pedro Zenoz Zigan eta abenduaren 26an Gartzainen egin zen batzarrean, Jesus Elizegi aurkeztu zen alkate izateko. Bertze sei herrietan azken legealdiko alkate berak segituko dute, Luis Roldanek Almandozen, Juan Mari Alemanek Amaiurren, Martin Elizaldek Arizkunen, Pedro Agerreberek Arraiozen, Rafael Arretxeak Berroetan eta Fernando Astizek Lekarozen. Bertze aldetik, abenduaren 19ko batzarrean karguan ez segitzeko intentzioa agertu zuen Santiago Ibargarai Erratzuko alkateak, baina gero, abenduaren 27ko Junta Generalean, segituko duela jakinarazi zuen. Beraz, lehen txanda horren ondotik lau herri gelditu ziren alkate gabe, Azpilkueta, Elbete, Irurita eta Oronoz-Mugairi.
Urte berriarekin, urtarrilaren 2an egindako batzarretan, alkateak lortu zituzten Iruritan eta Azpilkuetan. Bietan ere, orai artekoek segituko dute. Iruritan Maribel San Josek seigarren legealdia beteko du eta, gisa honetara, alkaterik beteranoena izanen da. Azpilkuetan Ramon Urrutiak bigarren legealdia eginen du. Elbeten eta Oronoz-Mugairin ez zen inor animatu alkate izatera.
31 proposamen aurkeztu ditu Elizondoko alkate berriak
Rafael Olaizola Amorena, Elizondoko alkate berriak gogotsu hartu du bere kargua eta 31 proposamen aurkeztu dizkie herritarrei. Balleko Ordenantzak berritzeak lehentasuna du Olaizolarentzat, baita Elizondoko herrigunetik Lur diskoteka bitarteko espaloia egiteak ere.