Balleko Udalak elkarlan hitzarmena sinatu du Kontseiluarekin

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Xabier Mendiguren, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusia eta Virginia Aleman Baztango alkatea, elkarlan hitzarmena sinatzen abenduaren 27an. TTIPI TTAPA

Herriko hogeita hiru eragilek eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria

Baztango Udalak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin elkarlan hitzarmena sinatu zuen abenduaren 27an. Virginia Aleman Baztango alkatea eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia izan ziren sinadura ekitaldian. 2004- urteari dagokio sinatu zen hitzarmen hori.

Baztango Udalak bigarren aldiz erabaki du Kontseiluarekin hitzarmena sinatzea, honek Baztanen euskarari lotutako aholkularitza lana egin dezan: horregatik, 1.000 euroko ekarpena egin dio Baztango Udalak Kontseiluari.

Hizkuntza normalizazioan gizarte eragileen inplikazioa beharrezkoa da, baina instituzioek ere eginbehar garrantzitsua daukate. Elkarlanerako hitzarmen horrek Bai Euskarari Akordioarekin jarraitzea eta konpromisoen prozesua garatea ahalbidetzen ditu. Udalarekin eta bertako euskalgintzarekin bateraegin du lan hori Kontseiluak, Xabier Mendiguren idazkari nagusiak errandakoaren arabera.

Bai Euskarari Akordioaren barrenean emaitza ugari jaso dira Baztanen. 23 eragilek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute, eta bertze hainbat eragile lortzeko bidean dira. Eskualde honetako euskalgintzaren inplikazioa handia da gizarte-eragileekiko harremanean.

Virginia Aleman Baztango alkateak instituzioek euskararen normalizazioan duten erantzukizunari eutsiko diotela adierazi du. Xabier Mendigurenek, berriz, Baztango udala, euskalgintzako kideak eta konpromisoak betetzen ari diren gizarte eragileak zoriondu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun