Pedro Mari Esarte Muniain historialaria 1936an, urte aski seinalatuan, jaio zen Elizondon. Berak aipatu digunez, frankismoaren eraginez Elizondon euskara galdutako belaunaldikoa da. Horregatik barkamena eskatu digu eta gazteleraz egin diogu bere azken historia liburuari eta horren aitzineko ibilbideari eta ikerketei buruzko elkarrizketa. «Vasconia en el Siglo XII: De Reino de Pamplona a Reino de Navarra» izenburua jarri dio azken idazlanari eta Pamielak argiratu du. 1162. urtean gertatu zen izen aldaketa horren arrazoien inguruan hausnarketa egin du, aski guti ikertutako gaia izan baita orain arte. Pedro Esartek, Antso Azkarrak Vasconiaren lurraldearen defentsan egindako lana azpimarratu du, garaiko Aita Santuaren, gurutzatuen eta Aragoi eta Gaztelako bizilagunen presio militar eta politikoei aurre egin baitzien.
Pedro Esarteren azken liburuan, XII. mendeko Euskal Herriaren –Nafarroa edo Vasconiaren– egoera korapilatsua aztertu du. «Alfonso El Batalladorek Nafarroako erresuma orden militarrei eman zien eta orduan Aita Sainduak eta gurutzatuek (militarrak hauek ere) beraientzat eskatzen zuten erresuma, Alfonsoren testamendutik heredatutakoa zela irizten baitzioten. Beraz, 1134an Alfonso El Batallador hil zenetik 1195 urtean Vaticanoak etsitzen duen arte Nafarroako erregea ez da erregetzat hartzen, duketzat baizik. Beti ezarri gaituzten inposaketetako bat izan zen eta zerbait txarra izanen zuen, orduan Antso VI Azkarrak borroka egin baitzuen garai hartako Euskal Herria edo Vasconiako lurraldearen defentsan, Erresuma sendotzeko eta beharrezko egonkortasun soziala lortzeko foruak bultzatzeko politika ezarri baitzuen. Hura izan zen gure agintaria garai hartan eta Aita Saintuak eta gurutzatuek erresuma ez bereganatzea lortu zuen. Ondotik idatzi den historia ofizialean, gurutzatuak Nafarroaren defentsan aritu zirela idatzi da, baina guztiz alderantzizkoa da». Iruñeko Erresumatik Nafarroako Erresumara da liburuaren azpitutulua. Izen aldaketa horren zergatiei buruz galdegin diogu Pedro Esarteri. Alfonso el Batalladorek egindako testamenduaren bitartez lurraldea ez galtzeko Antso Azkarrak erabilitako trikimailua izan zela uste du Elizondoko historialariak. «Alfonso el Batalladoren testamenduaren bidez Iruñeko Erresuma hartu nahi zutenez, Erresumari izena aldatu zion Antso Azkarrak. Ez da hitzez edo idatziz egiten den gauza bat, egin egiten du bertze aterabiderik ez zuelako. Antso Azkarrak erresuma kentzeko Elizaren presioa somatzen du, lurraldea berari kendu eta Aita Santuari emateko arriskua dago. Izena aldatzerakoan, Aita Santuak ez du Iruñeko Erresuma erreklamatzeko indarrik, berez Nafarroako Erresuma delako ofizialki. Gainera, Antsok hainbat lur eta herri oso eman zizkien monastegiei eta izenaz gain, lurraldea bera ere aldatu zen. Lurraldearen biziraupenerako borrokan, Iruñeko Erresuma izateari utzi eta Nafarroako Erresuma izatera pasatzen da».
Mugako herriak indartu zituen Antso Azkarrak
Izena eta lurralde zati baten aldaketaz gain ez zuen bertzelako aldaketarik ekarri izen trukaketa horrek Pedro Esarteren iritziz. Errege dinastia berak segitu zuen. Aita Santuaren, Aragoi eta Gaztelako erresumen eta gehien ordaintzen ziotenen alde lan egiten zuten gurutzatuen presioaren aitzinean, muga herriak indartu zirela aipatu digu Elizondoko idazleak. «Nafarroako erregeak mugan zituen hiriek, Errioxan, Araban… normalak zirenak baino hagitzez foru handiagoak eskuratu zituzten. Kasik beren buruen jabe ziren herriak eta zergak ordaintzea eskatzera etortzen zena hiltzeko eskubidea ere bazuten herri horietan. Zer gertatzen da orduan? Hainbat konpetentzia zituen foru hori ematen zaie, hain autonomoa, muga defendatu behar zutelako. Eta hagitzez hobekiago, ilusio eta gogo gehiagoz defendatzen dute beraien lurraldea bertze errege batek emanen ez dien konpetentziak dituztenean».
Bistan da XII. mendeko gizartea nolakoa zen aztertzea ez dela erraza. Pedro Esartek adierazi digunez, historia irabazleek idazten dute eta orduko kontuak bertze ikuspegi batetik aztertzeko modu bakarra hemendik kanpoko autoreek egindako lanen bidez dugu. «Orduko Euskal Herria denek eskuratu nahi zuten, euskal erresuma denei interesatzen zaie. Hego aldetik Gaztela, Aragoi eta Aita Santua ari dira borrokan eta ipar aldetik sortzen ari diren jerarkia frankoak. Kristauen Konkistak aurrera egiterakoan, jenderik gabeko eremuak gelditzen dira eta hutsune horiek betetzeko pertsonak behar dira. Orduan foruak ematen dira, ez bakarrik Nafarroan, baita Gaztelan, Aragoin… Erlijio edo bertze arrazoiengatik hustutako lekuak hartzen eta betetzen doaz IX., X., XI. eta XII. mendeetan. Honela indartzen dira Gaztela eta Aragoiko erregeak, baina hauek oraindik gehiago nahi dute. Ez dute musulmanei kendutakoarekin aski eta Nafarroako Erresumari ere lurra kendu nahi diote. Borroka hori modu ezberdinetan egiten da, baita ezkontzen bidez ere. Baina nik liburu honetan ez dut hori aztertu, kanpoko erasotzaileen kontra erresuma nola defendatu zen aztertu dut».
Nafarroako historiako hainbat gaien inguruan lan egin eta ikertu ondotik, Pedro Esarteri ez zaio erraza egiten bakar bat aukeratzea, baina guzietan bertsio ofizialari aurre egiten saiatu da, gezurra eta itxuragabetzeari aurre egiten.