Iñauteri giroan murgilduak daude Baztango herri eta auzoak. Orabidean ekin zioten lehenik eta pittanaka, herri eta auzo ezberdinetara ailegatuko da iñauteri giroa. Gan den larunbatean Gizakunde eguna ospatu zuten Erratzun eta Arizkunen, Jo ala jo eta Erratzuko kultur elkarteek antolatuta. Arizkungo Elkartean merendua egin ondotik, mozorro ibilaldia egin zuten Arizkundik Erratzura Bizkargain fanfarrearekin, txistulariekin eta joaldunekin. Karriketan barna puxkebiltzea eta mamurru uxatzea egin zuten. Erratzun ere puxkebiltzea egin ondotik, elkartean afaria eta Jantzilo epaitu zuten, bertsolarien laguntzarekin. Afalondoan Jantzilo erre zuten plazan eta akitzeko orro eta irri egin zuten Erratzun barna. Arraiozen eta Oronoz-Mugairin ere asteburu honetan egin dituzte iñauteak. Aniz eta Berroetako gazteek elkarrekin ospatu dituzte iñauteak, horretarako azke bi aste hondarrak aprobetxatu dituzte.
Zigan, ortzirale honetan, urtarrilaren 28an orakunde egune ospatuko dute haurrek goizetik, gero bazkaria izanen dute, jokuak, txokolatada… 14:00etan gazteen bazkarie izanen da elkartetxen; 15:30etan etxez etxe ibiliko dira Zigaurre eta Egozkuen, 21:30etan afarie elkartetxean eta gauerditik aitzinera plazako ostatuen besta izanen da.
Larunbatean, urtarrilaren 29an, iñaute eguna ospatuko dute. 10:30etan gosaria izanen dute elkartetxean. 11:30etan etxez etxe ibiliko dira Zigan eta Auzkuen. 21:00etan dantzaldia izanen dute frontoian. Mozorro «originalenak» saria izanen du eta sorpresak ere izanen dira. 22:30etan afaria izanen da leku berean eta horretarako frontona behar bezala egokituko da. Afarira gateko elkartetxean izena eman behar da. Gauerdian hasita dantzaldia izanen da eta azkenendako txokolatada goizaldean. Igandeko bestondo eguna gozatzeko, 14:00etan bazkaria izanen da Etxezurien.
Azpilkuetan eta Erratzun ere aste hondar honetan izanen dituzte iñauteak.
Egun ofizialetan, otsailaren 8an eta 9an Elizondora eta Arizkunera ailegatuko dira iñauteak. Hartza asteartean aterako da.