Urtarrilaren 12an ireki zen Erratzun Iñarbil eta Iñarbegi auzoen arteko bide berritua. 6.241 metro luze ditu bide berriak eta lau metro terdiko zabalera eman zaio. Lanen aurrekontua 400.000 eurokoa izan da, %80 Nafarroako Gobernuak ordaindu du eta gainerako %20a, 80.000 euro, Balleko Udalak. Orsa enpresak sei hilabetez egin ditu moldaketa lanak eta trafikoari ireki baldin bada ere, azken ukituak ematea falta da. Iñarbil eta Iñarbegi arteko bidea arras hondatua zegoen, hainbat zulorekin eta ibilgailuendako egoera kaxkarrean.
Urtarrilaren 12ko inaugurazio ekitaldian, udaleko ordezkariekin, Santiago Ibargarai Erratzuko alkatearekin eta auzo horietako zenbait bizilagunekin batera, Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako izan zen.
Santiago Ibargarai alkateak erran zuenez, larrialdi kasuetan arriskutsua zen lehengo errepidea: «Arras hondatua zegoen, mediku eta anbulantzia gidariek erraten zuten ez zirela gehiago joanen. Egunero eskolara taxian gan behar duten haurrak ere badira eta arriskuan zeuden». Gaur egun 24 lagun bizi dira Iñarbegiko bederatzi baserrietan eta landa etxean. Hauek bide bazterrak moldatzen lagundu dute eta behar denean mantenimendu lanak egiteko ere borondatea agertu dute.
Errepide hau moldatzea hasieran aurrikusia zena baino gutiago kosta denez, Nafarroako Gobernuak Iñarbegi eta Beartzun auzoen artean dagoen zubi estu eta hondatua segurtatu eta moldatuko du soberan gelditu den diruarekin.