Korrika prestatzen hasi da Suinki Euskaltegia

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Jakina denez, bi urtetuik behin AEKk Korrika antolatzen du, Euskal Herrian barna egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Aurten Korrika 14 eginen da, “Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai!” lemapean, martxoaren 10etik 20ra bitartean. Abiapuntua Orreagan izanen da eta helmuga Bilbon. Korrika 14ren nondik norakoak ezagutarazteko aurkezpena egin zuten otsailaren 2an Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Baztango Korrika batzordetik Suinki euskaltegian kilometroak salgai daudela ere gogorarazi dute. Bertze aldetik, korrika laguntzailea kanpainaren berri eman dute Baztango AEKtik. Kanpaina hau AEKk jasan zituen erasoei aurre egiteko sortu zen. Oraindik ere, zoritxarrez, laguntzaileen laguntasuna ezinbertzekoa dute korrikari ekiteko, horregatik Korrika laguntzaileari egiten dioten eskaintza sendotu dute. Euskal Herrian 300 komertziotan beherapenak izateko aukera dauka Korrika laguntzailea egiten duenak, 12 euroren truke. Dagoeneko, Baztango Suinki euskaltegian eta hainbat ostatutan aurkitzen ahal da kanpaina honen informazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun